
Mikel Goñi, Antiguako Pilota Eskolako haurrekin, partida amaitu eta gero. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Irutxuloko Hitzaren aldeko eskuz binakako partida jokatu dute gaur Ibaetan, Mikel Goñi-Mikel Elola eta Alberto Beloki-Aitor Gorrotxategi bikoteek. Partida aurreko koadroetan erabaki da, Goñik eta Belokik lehia ikusgarria osatu eta gero. Partida oso berdinduta joan da bukaerara arte, eta agian Belokik ezkerreko eskuko behatz batean min hartu izana erabakigarria izan da norgehiagoka gorrien alde amaitzeko. Hain zuzen ere, Goñi eta Elola 18-17 irabazten ari ziren Belokik min hartu duenean, baina dena zegoen erabakitzeko. Azkenean, Goñik eta Elolak eurek 22-19 irabazi dute.
Partidak 45 minutu iraun du, eta jende ugari gerturatu da frontoira. Goñi izan da protagonista nagusia, berak parte hartu baitu ia tanto guztietan; egindako tantoekin, baina baita galdutakoekin ere. Baztandarrak 17 tanto egin ditu, eta 8 pilota galdu; egin eta desegin, baina profesionaletan ezagun egin zuen dotoreziarekin. Gorriak 4-8 galtzen ari zirenean etorri dira Goñiren tanto ederrenak. Frontoiaren kanpoaldera atera da arnasa hartzera, eta berrituta itzuli da. Izan ere, 4-8tik 8-9ra igaro da markagailua; Goñik zabalera bidalitako hiruna bolea, tartean. Hortik aurrera, partida orekatua joan da, baina 17-16a arte ez dira Goñi eta Elola aurretik jarri, Oronozkoak egindako bi pareta baten bitartez.
Beloki ez da Goñi bezain ausarta izan, baina joko orekatuagoa erakutsi du. 6 tanto egin ditu, eta 3 pilota besterik ez ditu galdu. Min hartu arte, gauzak zail jarri dizkio bikote gorriari. Atzelariek ere lan txukuna egin dute. Mikel Elolak ez du tantorik egin, baina 3 pilota galdu ditu bakarrik. Aitor Gorrotxategik, berriz, 2tanto egin ditu eta 2 pilota galdu ditu. Honek 20-19koa jarri du, aztetik aurrera etorrita, bi paretak baliatuz. Tanto ederra izan da, urdinen azkena.
Honela joan da markagailua: 1-0, 1-1, 2-1, 2-2, 2-3, 2-4, 3-4, 3-5, 3-6, 4-6, 4-7, 4-8, 5-8, 5-9, 6-9, 7-9, 8-9, 8-10, 9-10, 10-10, 10-11, 10-12, 10-13, 10-14, 10-15, 11-15, 12-15, 13-15, 14-15, 15-15, 15-16, 16-16, 17-16, 17-17, 18-17, 19-17, 20-17, 20-18, 20-19, 21-19 eta 22-19.
Bestalde, jaialdiaren partida nagusia aurretik, Antiguako Pilota Eskolako lau gaztek norgehiagoka bat jokatu dute. Balerdik eta Arsuagak 22-15 irabazi diete Osoro eta Irizarri. Hauen lehia ere polita izan da.