Auzoetxeei buruzko mahaingurua. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Auzoetxeen gaia puru-purian dago hirian; proiektu bakoitzak bere berezitasun eta erritmoekin, hori bai. Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak Donostiako bi kasu eta Bizkaiko bat ekarri ditu gaur San Jeronimo kaleko ekitaldi aretora, beti ere Parte Zaharreko auzotarrek eurek esperientzia desberdinen berri izan dezaten, Auzoetxea eraikitzeko asmoa baitute eurek ere.
Gernikako Astra proiektuko Oier Plaza, Bidebietako Auzoeneako Goizalde Larraza eta Josu Lonbide eta Egiako Auzoetxearen sustatzaile Amalur Alvarez eta Ekain Ormazabal izan dira azalpenak ematen, errealitate desberdinetik abiatuta bada ere, gauza bera oinarri: herriak herriarentzat egindako proiektua behar du izan, autogestionatua eta horizontala. Beste ezaugarri garrantzitsu batean bat egin dute: erakundeen aurretik ibili behar dute egitasmoen bultzatzaileek, erabaki politikoei edo agintariek eurek planteatutako proposamenei itxaron gabe.
Donostiako kasuei dagokienez, Parte Zaharrean Bizi Auzo Elkarteko Iñaki Bianek auzoan zein momentutan dauden esplikatu eta gero, Lonbidek hartu du hitza, Bidebietako proiektuaren berri emateko. Auzoan haur eskola gisa erabiltzen zen Eskola Horia hartu dutela gogoratu du, 2006tik hutsik zegoena, Bidebietako Institutuarekin akordioa lortu eta gero. “Auzoetxeak egituratzeko erakundeen aurretik joan behar dugu, bi pauso aurrerago, beraien menpe geratuko gara bestela. Gure kasuan, eraikinaren desafekzio prozedurari itxaron gabe, ez baitakigu noiz edo etorriko den ere, eraikina zaharberritzen hasi gara. Auzoenea abian dugu jada”, adierazi du.
Hain zuzen ere, Auzoenea kokatua dagoen eraikinaren desafekzioaren ardura Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailari dagokio, baina desafekzio eskaera Donostiako udal gobernuak bideratu du. Behin desafekzioa gauzatuta, eraikinak erabilera soziokulturala luke. Udalarekin hitzarmen bat sinatzeko unea litzateke orduan, zeinaren arabera espazioaren kudeaketa eta erabilera auzokideen esku geratuko litzatekeen, Auzoenea egitasmoa gauzatzeko . Gaur egun, behin-behineko erabilera baimena ematea Bidebietako Institutuko zuzendaritzaren eskumena denez –institutua auzo akordioaren sinatzaileen artean dago–, eraikinaren barruan hasi dira lanean, izapideei itxaron gabe. “Guretzat publikoa dena komunitatearena da, ez soilik Administrazioarena; hau da, auzotarrak auzoaren etorkizunaren jabe gara, publikoa denaren kudeaketa barne”, aldarrikatu du Lonbidek.
Proiektua abian jartzeko, baina, lan asko egin dute. Ia bi urte eman dituzte auzoko eragile guztiekin hitz egiten, eta guztiek bat egin dute auzoak espazio bat behar duela ikusteko orduan. “Denborak erakutsi digu auzo akordioa ezinbestekoa dela, funtsezkoa dela. Hori lortu aurretik udalarekin hizketan hasi izan bagina, zailagoa litzateke. Ez da gauza bera auzoak akordatutako proiektuarekin joatea udalera. Auzoak bere egitasmoen jabe egitea beharrezkoa da. Udalari babesa ematea besterik ez diogu eskatzen, marko juridikoak egituratu eta erraztasunak eman ditzala”, azaldu du, eta zentzu horretan udal gobernuarekin pozik direla onartu du.
Lonbidek esan du Bidebieta bidegurutze batean dagoela. “Auzoaren kargu egiten gara edo auzo bezala desagertzeko arriskua dugu. Auzoenea ez da aisialdirako espazio bat, gehiago da: espazio soziokultural bat da”.
Egiako auzotarrek, momentuz, ez dute espazio fisikorik Auzoetxea proiektua garatzeko. Hala ere, egitasmoa bera espazio fisiko bat baino harago doala nabarmendu dute. “Auzoetxea ez dugu espazio fisiko konkretu batekin lotzen, proiektu zabal batekin baizik”, esplikatu du Alvarezek.
Maiatzaren 1ean Onkologiko zaharra okupatu zuten, ariketa praktikoa egiteko garaia zela iritzita. Eraikina hustu zuen Ertzaintzak, baina ekintza horren ondoren auzoan Auzoetxearen aldarrikapenak indar gehiago duela esan du. “Handik hilabete batera, batzar bat egin genuen eta aurreko bileretan baino jende gehiago joan zen”, ekarri du gogora.
Ormazabalek, bere aldetik, Auzoetxearen izaera desberdina duen beste proiektu bat ari direla Egian lantzen jakinarazi du, auzoak dituen espazio beharrei irtenbide bat bilatzeko bultzatutako proiektuaren ildoan hau ere. Aitor Ikastolak erabiltzen ez duen egoitza bat du Karmengo Ama kaleko goiko aldean, Ametzagaina kalearen ondoan. Ikastolarekin batera, auzoko zenbait eragile ari dira gogoeta egiten, euskara, kultura eta artea uztartuko lituzkeen gune bat bertan ahalbidetzeko. Txondorra kultur gunea jarri diote izen gisa proiektuari.
Gernikako Astra proiektua errealitate bat da gaur egun. Testuinguru desberdinean sortu zuten, eta ezaugarri desberdinak ditu. Hala ere, Plazak berretsi du herritarrek hartu behar dutela ekimena, erakundeei itxaron gabe. Hori izan da, hitz batean, hitzaldiaren ondorio nagusia.