Donostian demokrazia zuzeneko mekanismoak garatzeko eztabaida soziala lantzen ari dira
Hirurogei herritar eta eragilez osatutako lan taldea Herritarren Partaidetza Arau Organikoa aldatu, garatu eta aplikatzeko eredua diseinatzen ari da.
2013ko urrian Demokrazia Zuzenaren inguruko jardunaldiekin hasitako bideari jarraituz, bigarren urratsan murgilduta daude. Aurreko astean gai horri lotutako alderdiak jorratzeko eztabaida soziala hasi zen, eta lanketarako bi saio egin ziren, ekainaren 10ean eta 11n. Gaur, asteartea, eta ostegunean beste bi saio egingo dira.
Donostian demokrazia zuzeneko mekanismoak martxan jartzeko eredua diseinatzea da eztabaidaren helburua. Herritarren Partaidetza Arau Organikoa aldatu, garatu eta aplikatzeko, hirurogei herritar eta hainbat esparrutako eragileak lanean ari dira, eredua finkatzeko urratsak emanez.
Hausnarketa eta eztabaida sozialerako proposatzen diren gaiak hiru ataletan antolatu dituzte, eta saio bakoitzean jorratu dituzte. Aste honetako saioari dagokionez, informazio eta komunikazioa, lurraldetasuna, emaitzen kudeaketa, kontrol eta jarraipen organoak eztabaidatu dituzte.
Udazkeneko jardunaldiak abiapuntu
Urrian egin ziren jardunaldietan, hainbat esperientzia partekatu zituzten, eta gai horretan sakontzeko agindua jaso zuen udalak. Horretarako, plangintza bat osatu zuen, eta maiatzean Udaleko ordezkaritza batek Suitzan demokrazia zuzenaren prozesuak nola antolatzen eta garatzen diren bertatik bertara ikusteko aukera izan zuen.
Plangintza horren baitan, urrats berriak eman eta eztabaida sakontzeko beharra ikusita eta demokrazia zuzena garatzeko modua zehazteko unea dela iritzita, udalak eztabaida soziala egiteko proposamena mahai gainean jarri zuen. Helburu horrekin egunotan garatzen ari diren lau saioekin sustatuko du Donostiako esparru unibertsitario, politiko, tekniko eta sozialeko eragile nagusien partaidetza.