Karlos I.aren etorbidean radarra jartzeko eskatuko diote udalak eta aldundiak Eusko Jaurlaritzari
Inguru horretako soinu arazoak murriztea eta segurtasuna handitzea du helburu eskaerak.
Karlos I.aren etorbideko segurtasun eta ingurumen arazoak aztertzeko erakunde arteko bilera egingo dute bihar, Gasteizen. Bertan, Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak radarra jartzeko eskatuko diote Eusko Jaurlaritzari. Radar hori hiritik ateratzeko bidean jartzeko eskatuko diote, tunela baino lehenago, eta 80 kilometro orduko muga ezarriko luke. Honela, inguru horretan hainbat gidarik abiadura handitzeko duten ohitura saihestu nahi dute, baita segurtasuna handitu eta zarata gutxitu ere.
Bi erakundeek aspalditik aztertzen ari dira inguru horretako soinu arazoak murrizteko irtenbideak eta radarrarena da horietako bat. Bestalde, elkarlanean beste hainbat neurri ere hartuko dituzte. Irteerako erreietan bertan semaforoa lekuz aldatuko dute, eta Karlos I.aren etorbidean barrurago jarriko da, ibilgailuen abiadura murrizteko asmoz.
Gainera, sarrerako erreietan ere aldaketak egingo dira. Izan ere, hiribidearen amaierako bihurgunean dagoen semaforoa 125 metro lehenago jarriko dute, eta Eustasio Amilia eta Katalina Erauso kaleak gainazaletik lotuta geratuko dira, egungo lur azpiko pasabidea ordezkatuz.