Zirkulazio artean bizikletan ibiltzen ikasteko aukera egongo da larunbatean
Orduro egingo dira ikastaroak, 9:00etatik 17:00etara, Kontxa pasealekuaren ondoko Cervantes plazan.
Donostiako Udalak, Energiaren Euskal Erakundeak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak, BHk eta Forumek zirkulazio artean bizikletan ibiltzek teknikari buruzko ikastaroak antolatu dituzte. Ikastaroak larunbatean, ekainak 21, egingo dituzte, 9:00etatik 17:00etara, Cervantes plazan, Kontxa pasealekuaren ondoan. Orduro ikastaro bat hasiko da, eta bakoitzak bi ordu eta erdiko iraupena izango du.
Ikastaroak doakoak izango dira, eta 16 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute, eta esteka honetan izena eman beharko dute. Cervantes plazara gerturatzen direnek euren bizikletan egin dezakete, edo antolatzaileek eskuragarri jarriko dituztenak erabiltzeko aukera izango dute.
Jon Albizu Mugikortasun zinegotziak ikastaroen garrantzia nabarmendu du: “Horrelako iakstaroei esker, parte hartzen duten hiritarrek trafiko artean segurtasunez ibili ahal izateko teknikak eskuratzen dituzte. Bizikleta gero eta indar handiagoa hartzen ari da gure hirian eta horrelako ikastaroek arauak errespetatuz seguruago ibiltzeko bitartekoak eskaintzen dituzte”.