Cirque du Soleil ikuskizunerako 420 sarrera eskainiko dizkie udalak langabeei
Udalinforen bulegoetan eskuratu ahal izango dira sarrerak, ekainaren 25etik uztailaren 2ra arte, aurretik agortzen ez badira.
Donostiako Udalak Cirque du Soleil taldearen ikuskizunerako 420 sarrera eskainiko dizkie langabe donostiarrei. Hirian sei emanaldi egingo dituzte uztailaren 3tik 6ra bitartean; uztailaren 3an eta 6an emanaldi bana, eta 4an eta 5ean bina. Beraz, emanaldi bakoitzerako 70 sarrera eskainiko dituzte.
Sarrerak eskuratzeko baldintzak langabezian egotea eta Donostian erroldatuta egotea dira. Hasiera batean pertsona bakoitzeko bi sarrera emango dituzte, baina familia liburua aurkeztuz gero, 8 urtetik gorako kide guztientzat ere izan daitezke.
Udalinfo zerbitzuaren bulegoetan eskuratu ahal izango dira sarrerak, ekainaren 25etik uztailaren 2ra arte, aurretik agortzen ez badira. Sarrerak hartzeko ordutegia 09:00etatik 10:30era artekoa da.
Donostia Kirola
Bestalde, Donostia Kirolak zozketa bat egingo du harpidedunen artean. Kasu honetan, 60 sarrera banatuko dituzte, eta saridunen izenak euren webgunean jarriko dituzte.