Ikuskizuna, tentsioa eta zirrara
Pilota partida bat bera ere ikusi ez dutenak, pilotazale amorratuak, Goñiren zaleak… Guztiak IRUTXULOKO HITZAren aldeko pilota partidan elkartu ziren igandean Ibaetako frontoian. Eta guztiak murgildu ziren Mikel Goñik, Elolak, Alberto Belokik eta Gorrotxategik jokatutako partidan sortutako festa giroan. Ikuskizun polita ikusteko parada izan zuten Irutxuloko Hitza zale guztiek.
Kantxan, bi bikoteen arteko norgehiagoka; eta harmailetan, eromena eta tentsioa. Batzuk, zozketa egiteko momentuaren zain ziren, Irutxuloko Hitzak opari mordoa zozkatu baitzituen. Ibaetako Aratz erretegian 3 afari, Idiazabalen egindako bost Arimasagasti gazta eta Irutxuloko Hitzaren kamisetak, jertseak, kantinplorak, poltsak eta yogurterak. Zorte handiena izan zutenen artean Ilaski Serrano aurkezlea izan zen. Irutxuloko Hitzaren jertse bat eta Aratzen bi pertsonentzako afari bat lortu baitzuen bermeotarrak!
Beste batzuek, apustuak egiteak sortzen duen zirraraz gozatu zuten. Gorka Hoyos eta Aitor San Francisco aritu ziren artekari lanetan, eta sekulako profesionaltasuna erakutsi zuten! Eta harrituta geratu ginen, duela aste batzuk Irutxuloko Hitzako azaleko argazkia izandako pertsona batek asmatu baitzuen emaitza, Katerina Yiannibas greziarrak!
Donostiarrak ziren nagusi ikusleen artean, baina nazioarteko ikusleak ere izan ziren Yiannibasekin batera, Italia eta Sevillakoak. Lehen pilota partida ikustera etorri ziren Ibaetara, eta primeran pasa zutela aitortu zioten Irutxuloko Hitzari. Ion Martinez aritu zen aurkezle lanetan, eta berak egin zuen partidan zehar gertatutako guztiaren kontakizuna.
Ibaetako frontoia betetzea ez genuen lortu, baina pozik gaude, ziur gaudelako bertan izan ziren Irutxuloko Hitza zale guztiek primeran pasa zutela. Ez da gutxi! Mila esker pilota partidara etorri eta ikuskizunean murgildu zieneten guztiei!
Eta bukatzeko, eskerrik asko handi-handi bat partida antolatzen eta egiten lagundu diguten guztiei: Antiguako Pilota Eskola, Arimasagasti gaztak, Aratz erretegia, Fasprint inprenta, Martinez anai-arrebak, Jon Goikoetxea, Jose Mari Kalonje, Igor Baez, Gorka Hoyos eta Aitor San Franciscori.
[Gallery=166]