Memoria Historikoari buruzko aholku batzorde bat sortuko dute
Batzordearen lana herritarrei parte hartzeko aukera ematen jarraitzea izango da.
Tokiko Gobernu Batzordeak Memoria Historikoari buruzko Aholku Batzordea osatzeari hasierako onarpena emango dio ostiral honetan. Udal gobernuaren arabera, “Donostia hiriko benetako historia kolpe militar frankistako eta ondorengo urteetako itzalak gogoratuz eta agerian utziz osatu behar da. Horretarako, herritarren bertsioa ezagutzea ezinbestekoa da, etorkizuna isilarazitako pertsonen kontakizunaren bidez ere eraiki behar delako”.
Ildo horretan, hiriko beste batzorde batzuekin egin den bezala, herritarrei parte hartzeko bidea emateaz gain, batzordeko lehendakariordeak ez du kargu politikorik izango, eta elkarteek aukeratuko dute.
Horrez gain, informazioa emateko saio ireki bat egingo dute eta donostiarrek batzordea osatzeko prozesuan alegazioak aurkezteko aukera ere izango dute. Batzordearen eraketak Udalbatzarraren hasierako onarpena jaso beharko du, eta ondoren, hala Tokiko Gobernu Batzordearen nola Udalbatzarraren beraren behin betiko onarpena.
Hasitako lanaren jarraipena
Aholku batzorde hau sortuz, azken hiru urteetan memoria historikoa berreskuratzeko egin den lanari forma eman nahi zaiola adierazi du udal gobernuak.
Orain arte, Memoria Historikoaren Foroak hiru bilera egin ditu Aieten. Halaber, memoria historikoa berreskuratzeko eta biktimei aitortza egiteko pauso ugari eman dituzte. Pauso horien artean, frankismoak 1936 eta 1940 bitartean ireki zituen udal funtzionarioen espedienteak baliogabetu izana nabarmendu du udal gobernuak. Garai hartan arrazoi politiko eta ideologiko batzuengatik edo besteengatik bidegabekeriak eta irainak zuzenean pairatu zituzten pertsona guztiak ohoratzea eta betiko gogoratzea izan dela helburua horren helburua adierazi dute.
Bestalde, Ijentea kalean fusilatutako donostiarren omenezko oroitarria ere aipatu dute. Kale-izenei buruzko batzordeak ere frankismoarekin zerikusia zuten pertsonen izenak ezabatu eta ordezkoak jarri ditu, Aranzadiren aholkuen laguntzaz. Adibidez, Plasentziako Kontearen kalea zenari Rafael Munoa izena jarri diote.
Udal Gobernuaren ustez, memoria historikoa berreskuratzea ezinbestekoa da, eta egiak, justiziak eta konponketak eguneroko lanaren ildo estrategikoak izaten jarraituko dute.