Jose Luis Arrue, PPko zinegotzia. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Primo de Riveraren diktadura garaian izan zen Donostiako alkate Jose Antonio Begiristain, 1927tik 1930era.
Jose Luis Arrue, PPko zinegotziak Jose Antonio Begiristainek alkate egon zen garaian egindako lana aitortzea nahi du. Legealdi hasieratik helburu horrekin lanean ari direla adierazi du.
Bereziki San Telmo Museoaren eraikuntzan egindako lana goraipatu du Arruek; “Jose Antonio Begiristain izan zen Urgull mendia eta inguruko eraikinak erosi zituena, eta museoa egiteko proiektua abian jarri zuena, ondoren Fernando Sasiainek inauguratu bazuen ere”.
Begiristainekin batera Mariano Tabuyok ere diru ekarpen bat egin zuen San Telmo Museoa eraikitzeko. Hain zuzen ere, ahalegin hori aitortzeko badira aurreko legealdi batean bi pertsona hauen omenez egitea eskatutako bi bustu, egun museoan gordeta daudenak.
Arruek ez du zehaztu Begiristaini egin beharreko aitortza nolakoa izan behar duen; “San Telmo Museoarekin lotura izan duten beste guztiek badute hirian kaleren bat edo eraikinen bat euren izena daramana; Begiristainek ezer ez. Berdin zaigu bustua jarriz edo plaka bat jarriz, baina bere izena eta lana agerian utzi nahi dugu”.
Euren eskaera hurrengo udalbatzarrera eramango dute popularrek, eta Arruek aitortzak gainerako partiduen babesa jasotzea espero du. Dena dela, kezkatuta agertu da, aitortzaren proposamena San Telmo Museoaren Adminstrazio kontseilura ere eraman baitzuten, baina “museoaren alde jende askok lan egin duela erantzun digute, eta bakar bat nabarmentzea ez omen da bidezkoa”, esan du Arruek. Dena dela, ez du pisuzko arrazoia denik uste, eta diktadura garaian inposatutako alkatea izanik, aitzakia politikoak erabiltzea ere ez; “Ideia politikoez gain, hiriaren alde egindako lana aitortzea nahi dugu, besterik ez”.