Txillidaren urratsen aztarnen atzetik
Kubo aretoan artista donostiarraren 132 artelan bildu dituzte; gaur arratsaldean inauguratuko dute erakusketa.
Aurten 90 urte beteko zituen Eduardo Chillidak (Donostia, 1924-2002), eta erakusketa hau da Kutxaren Kubo aretoak eman nahi izan dion oparia. Donostian 1992an egin zen Txillidaren azken erakusketa, eta geroztik ez da bere obra ikusteko aukerarik izan. Sortzailearen seme batek, Ignacio Txillidak, zuzendu du Bideak izeneko erakusketa, eta guztira 130 artelan bildu dituzte. Gaur arratsaldean inauguratuko dute, eta irailaren 28a arte izango da zabalik.
Artelan gehienak familiarenak dira, nahiz eta badiren zenbait bildumazale pribatuk utzitako obra batzuk. Pieza handi eta pisutsuenak Haizearen orrazia XVII eta Tolerantziari monumentua dira, altzairuzkoak biak ala biak. Eta horiek izan dira Kubo aretora eramaten zailenak. Haizearen orraziak 6 tonako pisua du, eta aretoan sartu ahal izateko zailtasunak izan dituztela azaldu du Ignacio Txillidak.
Bideak izena du erakusketak, eta izenburuak iradokitzen duen moduan, Eduardo Txillidak bere ibilbide artistikoan egindako bideak erakutsi nahi ditu. Sortzaileak sortutako bide horiek utzitako aztarnak ikusi ahal izango ditu bisitariak, eta bera ibilitako bidea jarraitu. Bere semeak azaldu du Txillidari ez zitzaiola gustatzen bere artelanei buruzko azalpenak ematea: “Aita hunkitu egiten zen obra bat egiten zuenean, eta pentsatzen zuen jendea ere hunkitu egingo zela. Ez zuen uste azalpenik ematea beharrezkoa zenik. Xixonen Hodeiertzaren gorazarre eskultura jarri zutenean, hara iristeko bidexka bat egitea proposatu zioten. Eta ezetz esan zuen, pertsona bakoitzak erabaki behar zuela nola iritsi eta nola gerturatu bere obrara”.
Erakusketa hiru ataletan banatu dute. Sarreratik ezkerrera dagoen aretoa sortzaileari eskainitako atalik pertsonalena da. Bertan bere bizitzako une garrantzitsuenak ekarri dituzte gogora. Hainbat gizarte mugimendurentzat egindako obra grafikoa ere jaso dute. Besteak beste, nuklearren kontrako eta amnistiaren aldeko logoak egin zituen, baita Euskal Herriko Unibertsitatea eta Kutxaren logoak ere. Atal berean munduan zehar ikus daitezkeen Txillidaren monumentu publikoak bildu dituzte: Gure aitaren etxea (Gernika, 1987), Uraren gorazarrea (Bartzelona, 1987), Foruen monumentua (Gasteiz, 1980)… Ez dira obra originalak, noski, baina eskultura horiek sortzeko egindako bidea azaltzen duen material asko eta asko dago.
Haizearen orrazia-k protagonismo handia du erakusketa honetan, eta hain zuzen, Txillidaren obra ezagunenari eskaini diote bigarren atala. 1952an hasi zen orraziak egiten eta 2.000 urtea arte orraziak sortzen jarraitu zuela azaldu du Ignacio Txillidak: ” Seriea aspaldi hasi zuen, eta zirriborro asko egin zituen tinta gorriz, beltzez eta arkatzez”. 1977an jarri zituzten Txillidaren orraziak, eta eskultura haiek arroketan ainguratzeko prozesu guztia ere azaldu dute erakusketan.
Eta azken atalean, askotariko artelanak bildu dituzte. Paper gainean egindako piezak, burdinezko eskulturak, altzairuzkoak, alabastroarekin egindakoak… Txillidaren obraren ikuspegi zabal bat eskaini nahi izan diote bisitariari atal honetan.
Gaur inauguratuko dute erakusketa, eta bihar irekiko dute publikoa guztiarentzat. Asteartetik igandera izango da zabalik 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 21:00etara.