Donostia aldatzeko bidean sakontzeko deia egin du EH Bilduk
Kurtso politikoaren amaierarekin bat, agerraldi politiko bat egin du gaur eguerdian EH Bilduk, Nautikoan. Ekitaldian, azken urtean egindako lana baloratu dute, eta aurrera begirako erronkak azaldu dituzte.
Aldaketa da EH Bilduk gehien nabarmendu duen hitza gaurko ekitaldian, eta baita bere diskurtso politikoan ere; Donostian ematen ari den aldaketa. “Herritarrak oinarri dituen hiri eredu berri bat abian da Donostian, eta bide horretan, asko da azken urte honetan ere aurreratu duguna; baina oraindik asko da egiteko duguna” aipatu dute ekitaldiaren aurkezpenean.
Ainhoa Beolak hartu du lehenik hitza. Hiri eredu berri bat eraikitzeko erronkan, bi gako azpimarratu ditu: aldaketa prozesua epe luzerakoa dela, batetik, eta herritarrak direla horren motorea, bestetik.
Horrekin bat, datozen hilabeteetan EH Bilduk Donostian garatuko duen ‘Hiri Bizia 2030’ egitasmoa aurkeztu du Beolak. Hain zuzen, bi oinarri horien gainean eraikiko den egitasmoa da. Uztailetik urrira bitartean, hiri ereduaren gainean epe luzera begirako hausnarketa parte hartzaile bat egingo dute herritarrek. “Hiri ereduaren inguruko ariketa bat egin beharko dugu herritarrok; Nolako Donostia nahi dugu 2030ean?; Zein bide egin behar dugu datorren hamarkadan, herritarron Donostia, parte hartzailea, justu eta solidarioa, euskalduna, anitza, parekidearen bidean sakontzeko?”, edierazi du Beolak.
2030a agian urruti samar dagoela aitortu du Beolak, baina “hiri eredu berri bat ez da lau egunetan, lau urtetan lortzen”. Ariketa hori herritarrekin eta eragile sozialekin batera egingo dute, prozesu parte hartzaileen bitartez. Horretarako, uztailaren erdialderako arloz arlo hiri ereduari buruzko zirriborroak plazaratuko ditu EH Bilduk bere webgunean. Dokumentu horietan herritarren ekarpenak jasoko dituzte, eta helburu berarekin hainbat jardunaldi ireki ere antolatuko dituzte.
Parte hartzea ez dela esaten diotena egiteko zain egotea esan du Beolak, eta hiria aldatzeko “aktore aktiboak” behar direla nabarmendu du. Irailean jaialdi handi bat egingo dute etorkizunari “ilusioz eta indarrez” ekingo diotela irudikatzeko.
Udal gobernuaren erronkak
Azken urteetako ibilbidearen laburpena egin Juan Karlos Izagirre alkateak. Donostia aldatzen ari dela adierazi du Izagirrek, eta alkatetza lortu zutenean kritika egin zieten haiek izan ditu gogoan; “errealitateak erakusten du Donostia aldatzen ari dela”.
Orain dela hiru urte hasitako aldaketa bide beretik jarraituko dutela adierazi du Izagirrek. Hautagai izango ote den galdetuta, hori gutxienekoa dela azpimarratu du, EH Bilduk garatzen duen politika ereduari emanez garrantzia.
Krisi garaian egonik ere, eta “beste batzuek utzitako zorrari aurre eginez”, Udala aurrera ateratzeko gai izan dela adierazi du Izagirrek, eta hasieran jarritako erronkak betez gainera: lanpostuak sortzea, politika sozialak bultzatzea, kultura eta euskara sustatzea eta lankidetza arloa garatzea.
Izagirreren esanetan, parte hartzea izan du udal gobernuak ardatz, eta oinarri horri jarraituz definitu ditu aurrerantzean landuko dituzten erronkak ere.
Lehenik eta behin, “eredu ekonomiko berri baten aldeko apustua” egin behar dela adierazi du alkateak; “Krisira ekarri gaituen logikari buelta eman behar diogu. Ekonomiak pertsonen zerbitzura egon behar du, eta ez alderantziz”.
Bildu izan dela gogoratu du alkateak auzo guztietako egoera ekonomikoa eta errealitatea aztertu, tokian tokiko beharren araberako neurriak hartu dituen bakarra. Hiru urtean ekonomia aktibatzeko planetara ia 20 milioi euro bideratu dituztela esan du, eta 3.000 lanpostu baino gehiago sortu omen dituzte. “Gehien behar den lekuan gehiago inbertitzen dugu”.
Bigarren erronka, herritarrak hiriaren erdigunean kokatzea dela aipatu du alkateak. Beñat Gaztelumendi bertsolariaren hitzak gogora ekarriz, “hiriak ez dira lau etxe eta bost horma, hiria pertsonaz pertsona osatzen dira”, esan du alkateak. “Donostia postaletako hiria izan da urte askoan, auzoak eta herritarrak ahaztuz”, baina hiriak ezin direla bulegoetan eraiki nabarmendu du, kalean baizik.
Hirugarren erronka, eredu politikoa aldatzea dela aipatu du Juan Karlos Izagirrek. Herritarrak agenda politikoan ahotsa izan dezaten herritarrei informazio osoa eskaintzea ezinbestekoa dela esan du, eztabaidak sortuz. Eta informazioarekin batera, gardentasuna nabarmendu du, “udal kudeaketan ez dagoelako ezkutatzeko ezer”.
Euskalduntze bidean urratsak egitea litzateke udal gobernuaren beste erronka nagusia. “Euskaraz bizitzea gure eskubidea da, eta hori lortzeko lanean jarraitu behar dugu guztiok. Udaletxean eman dugu euskalduntzeko pausoa, baina neurri horiek baliagarriak izateko herritarren erantzuna ezinbestekoa da”, esan du alkateak.
Bake eta normalizazio prozesuan aurrera egitea litzateke Bilduren azken erronka. Biktima guztien aitortza lortu behar dela esan du alkateak. Presoen eskubideak edo memoria historikoa aipatu ditu, besteak beste. Bide horretan, 2016 egitasmoak aukera ona eskainiko duela onartu du alkateak, “zintzotasunez eta jarrera onarekin” jokatzen bada.
Donostia behetik gora, eta herritarrek hala eskatzen dutelako aldatzen ari dela esan du Izagirrek. Bide luzea dela aitortu du, baina egindako lanarekin gustura dagoela esan du, eta aurrera begira ere ilusioz jarraituko omen du lanean; “Halako herritarrekin luxu bat da egunero lanari ekitea, luxu bat baita horrelako herritarren alkate izatea”, esan du Izagirrek. “Gora aldaketa, eta gora Donostia” esanez amaitu du bere agerraldi.
[box]
Grisetik kolorera
Ekitaldian zehar, Markel Ormazabalek Donostiak azken urteotan bizi izan duen aldaketa hizpide zuen olerki bat irakurtzen zuen bitartean, publikotik atera diren herritarrek, Herritarron Donostia Hiri Bizia leloa zuen puzzlea osatu dute agertoki gainean.
Grisean hasi du olerkia Ormazabalek. Zementuzkoak zeruak hiri grisean. Grisa agintea, grisak donostiarrak. Zementuzko hiria. Grisak auzo eta herriak; auzotarrak eta herritarrak.
Grisa boterearen logika gure Donostian (…) Turismoa gure gaitz guztien salbatzaile. Hiria negozio. Edozer da salgarri. Kultura, espazio publikoa eta izatea (…)
Grisa asperduraren kolorea. Ikusle nahi gintuzten. Ikusle huts. Eta parte hartzea zifratan. “Inoizko jairik parte hartzaileenak”, zioten. Ehun milatik gora parte hartzaile su artifizialetan (…)
Grisa denak, boterea bilatzen duenak, bere helburua lortzeko eta gainerakoen gainean botere sistema ezartzeko, berebizikoa du taldea desegitea. Kideen arteko elkartasuna handia den giza talde bat ez da kontrolatzeko hain erraza. Besteak beste, taldearen beharrizanak taldean asetzeko ahalmena izan baitezake (…).
Eta grisetik kolorera pasa da ondoren: Baina pitzatu da zementua. Irten zaizkio arrakalak (…). Arrakalak eta pitzadurak zementuaren gainean, zementuaren erditik. Herri ekimenetik abiatuta. Behetik gora eta horizontalitateak. Pertsona ardatz, erdigune. Donostiar arduratsuak. Donostiarrak protagonista.
Hiri bizia, Donostia bizia. Euskararen hiria. Euskaldunona eta euskaltzaleena. Eta kolektiboaren zentzuak biziarazten du talde kohesioa. Hargatik kultur anitza. Nerea, zurea eta bestearena. Elkarlanetik abiatutako herri ekimenak eusten diona (…).
Autonomia, autogestioa. Boterea ez delako bakarra. Boterea zalantzan jartzen dugulako. Pertsona ardatz, herritarra ardatz, eta donostiarra arduratsu. Donostiarra komunitatearen mesedetara, Donostia herritarren mesedetara, eta ekonomia heritarren nahiz komunitateen mesedetara. Parekidea. Feminista. Lana eta kontzientzia. Emakumeen Etxea. Donostiarrarentzat jasangarri, hiri jasangarri. Ekologia kontzeptu subertsibo gisa erabiltzen duena. Hiri bizia. Bizi hiria. Eta irabazi Donostia.
[/box]