Mari Sol Bastida, Mikel Laboaren alargunaren hitzak dira. Hunkituta jaso du bart senarrari emandako Adarra Saria, Victoria Eugenia Antzokian.
Donostia Kulturak euskal musikari oparoenen ibilbidea saritzeko sortua da Adarra Saria, eta Mikel Laboa musikari donostiarra izan da lehen omendua. Marisol Bastida musikariaren alargunak jaso zuen saria atzo Victoria Eugenia Antzokian. Juan Karlos Izagirre alkateak eman zion Marijose Rekalde artista nafarrak egindako brontzezko eskultura.
Bastidak musikari eta musika zaleei eskaini zien saria; “Mikel ados egongo litzateke; ezagunak ez diren musikari gazte talentudunei eskainiko diet saria”.
Laboa gogoan
Musikaren Europako Eguna zen atzo, eta Victoria Eugenia Antzokia ere musikaz bete zuten. Mikel Laboaren lanak estilo eta garai ezberdinetara moldatzeko egokiak direla erakutsi zuten gainera.
Ekitaldiaren hasieran Iñaki Salvador pianista, hainbat urtez Mikel Laboarekin lanean aritutakoa, eta Josetxo Silguero saxofoi-jotzailea aritu ziren, Ainara Ortega kantariarekin batera. Musika eta dantza uztartuz, Kukai dantza taldeak borobildu zuen ikuskizuna.
Alkateak garaikurra Mari Sol Bastidari eman ondoren, Deloren talde zarauztarrak teknologia eta instrumentuetan oinarrituz Laboaren hitzak eta abestiak moldatu zituen.
Duela bost urte hil zen Mikel Laboa, eta aurten 80 urte beteko zituen.
Bere alargunak liburu bat argitaratu berri du, Memoriak. Mikel Laboaren biografia bat. Nerabeak zirela ezagutu zuten elkar Laboak eta Bastidak, eta eta bizitza bat sortu zuten elkarrekin. Hala, 50 urte inguruan elkarrekin bizitako momentuak jaso ditu liburuan musikari ezagunaren alargunak. Mikel Laboaren musika ibilbidea da kontakizunaren ardatza, baina, aldi berean, bikotearen bizipenak eta Euskal Herriaren historiaren zati bat jaso du Bastidak liburuan.