Elorza, Temprano, Menendez, Nuñez eta Ederra lotu ditu Bera Berak
Datorren denboraldirako akordio batera iritsi da Bera Bera Eskubaloia taldeko bizkar hezurra osatu duten hainbat jokalarirekin. Hala, Ana Temprano atezaina, Patricia Elorza eta Alba Menendez hegalekoak eta Maria Nuñez eta Silvia Ederra piboteak taldean jarraituko dute. Bost jokalari horiek, kontratua duen Eli Pinedorekin batera, datorren deboraldiko taldea osatuko dute. Bera Bera Eskubaloiko kirol arduradun Tati Garmendiak garrantzitsutzat jo du lorpena.
“Jokalari gehienak mantendu nahi ditugu, eta baliabide ekonomikoen arabera indartuko dugu fitxaketa gehiagorekin”, azaldu du Garmendiak. Klubak, esaterako, ezin izan dio Adriana Castro brasildarrari kontratua berritzeko eskaintzarik egin. Klubak azaldu duenez, Matxalen Ziarsolo, Ana Martinez eta jokalari gazteekin ere hitz egiten ari dira, bertan jarrai dezaten. Edonola, Bera Berak atezain baten beharra du, eta postu bat baino gehiagorako balio dezakeen jokalari bat, lau baja betetzeko.