Emakumearen eta nazioarteko triatloiak antolatu ditu Donostiako Atletikok astebururako
Proba herrikoia izango da larunbatekoa, eta hurrengo egunekoak, berriz, nazioarteko puntako kirolariak bilduko ditu.
Donostiako Atletikok bi triatloi antolatu ditu datorren astebururako, eta aurreko urteetako arrakasta izatea espero du. Batetik, larunbatean, Donostiako Emakumearen VI. Triatloia egingo dute, eta bestetik, igandean, Onditz Oroituz XXIX. Nazioarteko Triatloiaren txanda izango da. Nazioarteko triatloiak dagoeneko urteetako esperientzia du, eta distantzia olinpiarrak egin beharko dituzte partaideek: 1.500 metro igerian, 40 kilometro bizikletaz eta 10 kilometro korrika. Emakumearen triatloiak, berriz, ongi pasatuz kirola egiteko ohitura zabaltzea du helburu, eta distantzia laburrak egin beharko dituzte partaideek: 300 metro igerian, bizikletaz 8 kilometro, eta korrika 2 kilometro. Guztiaren berri zehatza eman dute antolatzaileek gaur goizean Bera Beran egindako prentsaurrekoan.
Emakumearen VI. Triatloia larunbat honetan izango da, ekainaren 28an, 15:00etan, eta izena emateko epea zabalik dago Triatloi.org webgunean, ostiralera arte. Zehazki, 250 lagunetan jarri dute gehienezko partaidetza kopurua; momentuz, 210 lagunek eman dute izena, eta 250 partaide izatera iritsiko direla espero dute antolatzaileek. Gainera, aurkezpenean aipatu dutenez, bat baino gehiago izan dira Emakumaren trialtoian parte hartu ostean, Nazioarteko triatloian parte hartzera animatu izan direnak.
Nazioarteko triatloia, igandean izango da, ekainaren 29an, 9:00etan. Puntako kirolariak ekarriko ditu probak Donostiara, tartean, Kanada eta Australiako selekzioetako kideak. Partaide euskaldunei dagokienean, Jon Unanue eta Peru Alfaro dira faboritoak gizonezkoetan, eta Maider Gaztañaga eta Igone Sanchez emakumezkoetan. Aurten, lehen aldiz, errepideetako auto zirkulazioa moztuko dute probaren harira, beraz, 10:00etatik 12:00etara hainbat bide itxiak egongo dira.
Parte hartzaile guztiei kamiseta bana oparituko diete, eta Donostiako Atletikoren Kontxako instalakuntzetarako sarrera ere emango diete; gimnasioa, sauna eta hondartzarako sarrerarekin. Horretaz gain, zozketa ugari egingo dituzte partaide guztien artean. Informazio gehiagorako info@triatlonatleticoss.com eta atletico@atletico-ss.org posta elektronikoetara idatz daiteke, edo 943 21 53 54 telefonora dei daiteke.