Ondarretan harri gutxiago eta Kontxan hondar eskasia izango dira aurtengo udan
Neguko denboraleen ondorioz, udan harri gutxiago agertuko da Ondarretan.
AZTI-Tecnaliak Igeldon jarritako kameren bidez hondartzetako, eta batez ere Ondarretako mugimenduak aztertu ditu, eta lehen ondorioak atera dituzte. Iazko martxoan hasi ziren kameren lehen irudiak jasotzen. Hondarraren berezko mugimenduak aztertu dituzte urtebetez. Izan ere, Nora Galparsoro, Azpiegitura eta Hiri Zerbitzuetako zinegotziak azaldu duenez, “Ondarretako harrien arazoa konpontzeko neurri asko hartu izan dira hainbat urtean, baina sekula ez da behin betiko irtenbiderik lortu; horregatik erabaki genuen AZTIrekin lan egitea, hondartza eta bertako mugimendu naturalak ezagutu behar baitira lehenik, neurri egokiak hartzeko ondoren”.
Ondarretan harea goitik behera eta ekialdetik (Loretope) mendebaldera (Tenis) mugitzen da neguan. Eta alderantzizko bidea egiten du udan. Horregatik, apirila aldean harea ekialderantz mugitzen hasten denean agerian geratzen dira Tenis aldeko harriak. “Hondartzan nahikoa hondar badago, harriak luzaroago egongo dira estalita”, azaldu du Galparsorok. Horregatik, iaz lehen aldiz hartutako neurria hondarra mendebaldean pilatzea izan zen. Bi pilaketa egin ziren iaz, eta aurtengoa maiatzaren bukaeran egin zuten; bakar batekin nahikoa izatea espero dute gainera.
Izan ere, neguko denboraleek on egin die Ondarretari. Hau da, denboraleek hondar asko eraman zuten herrestan goitik edo zonalde lehorretik, behera, edo urpeko eremura. Hala, hondartzaren berezko mugimenduak harriak agerian geratu gabe egiteko hondar asko dago mendebaldeko eremuan.
Harri kopurua
Ondarretako hondar pilaketak ez dira berriak, baina Pedro Liria, AZTIko teknikariak azaldu duenez, orain arte egin direnak ez dira egokienak izan; “2004an egindako ikerketek dagoeneko erakutsi zuten Ondarretako hondar mugimenduen norabidea. Orain arte egin dena, goialdean, edo eremu lehorrean hondarra botatzea izan da, bainulariek egoteko leku gehiago izan zezaten. Baina zenbat eta harea gehiago egon eremu lehorrean, orduan eta gutxiago dago eremu hezean. Beraz, datuek argi erakusten dute, harriak gutxitzeko mendebaldetik ekialdera egiten den mugimenduari lagundu behar zaiola, harriak agerian gera ez daitezen”.
AZTIren arabera, iaz 11.000 metro kubo harri zeuden agerian Ondarretan udaberrian, eta egindako hondar pilaketei esker ekaina bukaeran 5.000 metro kubo zeuden. Aurten, 3.000 metro kubo daude. Galparsororen arabera, “denboraldi hasieran iazkoak baina datu hobeak ditugu, baina horrek ez du esan nahi harriak agertuko ez direnik. Azken finean, mareen eta naturaren menpe gaude eta errespetatu beharra dauzkagu. Gainera, datu hobeago horiek ez dira hondar pilaketengatik lortu soilik, neguko denboraleek izugarri lagundu dute”.
Hondakinak
Ondarretako harriak berezkoak edo hondakinak ote diren ere auzitan jarri izan dute. Zinegotziaren arabera, “Ondarretan hondakinak ere badaude, eta ahal den neurrian kendu behar dira, noski. Dena dela, harriak ez dira garai bateko hondakinen ondorio. Bakioko hondartzan ere arazoak dituzte harriekin, eta ez daukate hondakinik”.
Hondakinen garbiketa, hondartzen eguneroko mantentze lanekin batera egingo dute Ondarretan. Eta beharrezkoa balitz, unean uneko garbiketak ere egingo dituzte.
Donostiako hondartzak “ondo” daudela gaineratu du Galparsorok; “urte bakoitza desberdina da, eta egoera ere hala izango da, baina mugimendu naturalak dira, beraz, Donostiako hondartzetan ez dago aparteko arazorik”.
Kontxako hondartza
Neguko denboraleak Ondarretako harriei on egin badie, ez hala Kontxako hondarrari. Izan ere, denboraleen eraginez harea asko mugitu da goitik behera, hau da eremu lehorretik eremu hezera; itsasgora eta itsasbeheraren mugara. Pedro Liria teknikariak azaldu duenez, “askok hala uste izan badute ere, Kontxan falta den hondarra ez da Ondarretan pilatu dena. Udako itsas mugimenduei esker hondarra itzuliko da bere lekura. Dena dela, negu garaiko egoera batean abiatu dugu hondartzen denboraldia Kontxan, beraz, baliteke marea biziak dauden egunetan, itsasgora denean eremu lehorrik gabe geratzea aurten”.