Ulia Interpretazio Zentroak hainbat berrikuntza eskainiko dizkio bisitariari
Ordutegi zabalagoa izango du uztailetik aurrera, bai eta jarduera eskaintza anitzagoa ere.
Ulia hondartzaren alternatiba bilakatu nahi dute, natura maite dutenentzako elkargune bihurtu. Hainbat berrikuntza eskainiko dizkio bisitariari. Besteak beste, kanpoaldeko baratza urteko sasoi honetara egokitu dute, produktu berriak landatuz eta itxura txukunduz. Aurtengo denboraldian, baratza lau baratze-alorretan zatitu da. Batean lekaleak jarri dira, bestean fruituak ematen dituztenak (piperra, tomatea…), hirugarrenean lurpeko tuberkuloak (patata, tipula, azenarioa…), eta laugarrenean hosto jangarriak dituztenak (aza, letxuga, zerbak…).
Interpretazio Zentroaren barnealdean, Uliako historiari lotutako panel berri bat dago ikusgai eraikinaren hormetako batean. Horma alderik alde hartzen duen ilustrazioan, Uliaren izaera zehaztu dituzten hainbat elementu eta pasarte kokatu dira horma- irudi handi batean. Uliako erabilerari eta historiari buruzko laburpen moduko bat da, uraren garrantzia azpimarratzen duena, baina baita ere Donejakue bidearena, funikularrarena, bale-ehiztariena. Gainera, elementu berri hau ez dago testu eta irudiz soilik osatua, baizik eta mailua, funikularreko iltzeak, laiak edo arpoia bezalako elementu fisikoak ere izan badira horman itsatsiak.
Iaz Ulia Interpretazio Zentroan jarritako erlategia ere sasoi berrirako prestatu dute. Izan ere, iaz bertan bizi ziren erleek gaixotasun bat sufritu zuten eta ondorioz gehienak hil egin ziren, erlategia hutsik geldituz. Aurten, Gipuzkoako Erlezainen Elkartearekin elkarlanean, erlategia txukundu egin da, eta laster erle-kolonia berri bat eramango da bertara. Bisitariak, erlategiaren kristalezko hormetatik begiratuz, erleen bizitzari buruz gehiago ikasteko aukera izango dute, bai eta erleak nola irten eta itzultzen diren ikusteko aukera ere, polena garraiatuz.
Uztailaren 1ean berriz, orain arte ikusgai egon den Josetxo Mayor eta bere lanari buruzko erakusketa bukatuko da, beste erakusketa berri bati tokia uzteko. Abuztuaren 31 arte, Xomorrotxoak izeneko erakusketa izango da ikusgai. Antonio Valenciaren makro argazkien bitartez, txikiak eta askorentzako ezezagunak izan arren Uliako animalia ugarienak diren intsektu eta armiarmak ezagutzeko aukera izango dugu beraz.
Bestalde, Ulia Interpretazio Zentroan abian jarritako gazteentzako argazki-lehiaketan lanak aurkezteko epea abuztuak 4a izango da, eta landu beharreko gaia da Uliako animalia eta intsektuak). Uztailaren 5ean eta 19an tailer bana izango da Ulia Interpretazio Zentroan 12:00etatik 13:30era, haur eta gazteentzako. Lehenengoan xomorro eta intsektuen bitxikeriak ezagutu eta ikasiko dituzte, eta bigarrenean intsektuentzako eraikinak egingo dituzte.