Urtz, Ze Esatek, Duncan Dhu eta La Pegatina daude Saguesen izango diren taldeen artean
Aste Nagusia, Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketa, Euskal Jaiak eta Donostiako Estropadak iragartzeko kartelak aurkeztu dituzte gaur; baita Aste Nagusian Saguesen egingo dituzten kontzertuen programa ere.
Nerea Txapartegi, Euskara eta Kultura arduradunak udako festen irudiak aurkeztu ditu; “San Joan bezperako ospakizun bereziarekin eman diegu hasiera udako jaiei, beraz gainerako jai nagusienen datak eta irudiak erakusteko unea ere heldu da”.
Aste Nagusia abuztuaren 9tik 16ra izango da. Cuencako Jose Ramon Luna de La Ossa da kartelaren egilea. Hodei zuriz beteriko zeru urdina atzean duela, neskato bat ageri da kulunkan. “Irudi xaloa da baina udako oporren zoriontasuna iradokitzen du”, adierazi du Txapartegik.
Su Artifizialen kartela Castelloko Juan Diego Ingelmok egin du. Maskorrez egindako suziri bat da, eta suak ikusteko jende askok aukeratzen duen Kontxako hondartzarekin lotura ere islatzen du.
Euskal Jaiak irailaren 6tik 14ra ospatuko dituzte. Pedro Ramos gasteiztarrak egin du kartela. Biribil bat osatzen duten 14 oinatz ikusten dira, elkartasuna, jai giroa eta taldeko ospakizun bat irudikatuz.
Donostiako Estropadak irailaren 4, 7 eta 14an izango dira. Xabier Muñoz donostiarrak egin du kartela. Sepia koloreko irudi bat da, eta Txapartegik adierazi duenez, “hiriak itsasoarekin eta arraunarekin antzinatik izan duen lotura sendoa iradokitzen du”.
Saguesko kontzertuak
Kartelekin batera, Aste Nagusian Saguesen egingo dituzten kontzertuak ere iragarri dituzte gaur. “Sagues eskaintza musikalaren erreferentzia bilakatuko da aurten ere”, esan du Txapartegik, eta “estilo ezberdinetako saioez gozatzeko aukera” izango dela azpimarratu du.
[box]
Egitaraua:
-Larunbata 9: Ze Esatek
-Igandea 10: Hasierako taldea, Skasti, eta ondoren, La Pegatina.
-Astelehena 11: Belako taldea lehenik, eta ondoren, We Are Standard.
-Asteartea 12: Niña Coyote eta Chico Tornado, eta jarraian, Urtz.
-Asteazkena 13: Eratu eta Soziedad Alkoholika.
-Osteguna 14: Lauroba eta Duncan Dhu.
-Ostirala 15: Damba eta JAH 9.
[/box]
Kontzertuak 23:45ean hasiko dira.



