Tomasenen 30 bat lagun elkartu ziren Altza Guztion Artean egitasmoa ezagutzeko. (Argazkia: Irutxuloko Hitza)
Altza XXI Herri Ekimena Elkarteak bizilagunekin partekatu zuen atzo prozesu honen garapena.
Altzatarrek Altzako etorkizuna nolakoa izan behar duen aztertu, hausnartu eta landu. Horiexek dira Altza guztion artean prozesuaren helburuak. 2013. urteaz geroztik lanean ari dira. Lehendabizi gaur egungo Altzak nolako garapena izan duen aztertu dute; egiteko honetan Altzako institutuko ikasleen, Herri Ametsa ikastolako ikasleen eta Eraikuntza institutuko ikasleen laguntza izan dute.
Atzo arratsaldean Tomasenen bildu 30 lagun inguru bildu ziren aurkezpenean, eta Altzako lurraldearen bilakaera erakusten duten 4 maketa ikusteko aukera izan zuten. Bertan egon ziren Eraikuntza L.H.ko Institutuko ordezkari bat, maketak egin dituzten Altzako institutuko 3.DBHko ikasleak eta prozesu parte hartzaile hau bultzatzen ari diren arkitekto-antropologoa eta EHUko irakaslea. Maketa hauetan Altzako lurraldea nolakoa izan den azaltzen da: 1800. urtean, 1950. urtean, 1970. urtean, 1990. urtean eta 2010. urtean, hurrenez hurren.
Prozesu honek aurrera egin dezan, maketa hauek Altzako herritar guztiei erakutsi nahi dizkiete. Udan Altzako komertzio ezberdinetan ikusgai jarriko dira ahalik eta jende gehienak ikus ditzan. Honekin batera iradokizun gutunontzi bat jarri eta inkesta txiki bat egingo dute. Gainera, denda txikiak bultzatzeko zozketa bat ere egingo dute.
Irailetik aurrera parte hartze saioak eta tailerrak egingo dira auzoaren egungo egoera aztertzeko: auzoak dituen beharrak, onurak eta gabeziak identifikatzeko. Altzaren etorkizuna marraztea helburu, proposamen zehatzak landu nahi dituzte guztien artean.
Eztabaida eta prozesu honek aurrera egiten duen bitartean, auzolanean egingo diren parte hartze prozesuen berri ere eman dute: Tomaseneko parkean mahai gehiago jartzeko eta hainbat konponketa egiteko, Eguzkitza gainan piknik mahaiak jartzeko eta Auditz-Akularren bidegorriak egitea bide seinaleen bidez. Izan ere, teoria eta praktika uztartu nahi dituzte, parte hartze prozesuan jendea animatzeko eta motibatzeko.