Kanpandegi kaleko Orixe ikastolaren egoitza ohia. (Argazkia: Estitxu Zabala)
«Mozio honen formak, mamiak eta bideratua izan den momentuak garbi erakusten dute helburua ez dela Hezkuntza arloko beharrak asetzea, Parte Zaharreko bizilagunek egindako eskaerei kontraproposamen bat aurkeztea baizik». Partaidetza zinegotzi Axier Jakaren hitzak dira hauek, gaurko udalbatzarrean egindakoak. Hain zuzen ere, Jaka oso haserre azaldu da oposizioarekin, Kanpandegi kaleko Orixe ikastolaren egoitza ohian Lanbide Heziketako zentro bat edo Irakasleen Euskarazko Prestakuntza Zerbitzuaren (IRALE) egoitza kokatzea adostu eta gero.
Parte Zaharreko hainbat eragilek Kanpandegi kaleko eraikin horretan Auzoetxea egituratzea zuten aurreikusita. Udal gobernuaren laguntza izan dute asmo horretan, Bilduk izapideak hasiak baitzituen desafekzioa lortzeko; hots, eraikinari Hezkuntza jarduera kentzeko, bizilagunek eskatutako espazioa errealitate bihur zedin. Hori dela eta, Jakak gogor kritikatu ditu EAJ, PSE-EE eta PP, urtetan Parte Zaharrean egindako aldarrikapena asetzeko baldintzak betetzen zirelako, eta bizilagunen eskaeraren kontra egin dutelako. «Hezkuntza arloko Gipuzkoako ordezkariak esan zigun begi onez ikusten zuela desafekzioa ematea. Era berean, egoitza horretan inongo jarduerarik egokitzeko asmorik ez zutela esan zigun», adierazi du. «Ez dugu ulertzen zehazki Kanpandegi kaleko eraikina zergatik proposatzen duten, Eusko Jaurlaritzak hirian beste egoitza batzuk dituenean», salatu du zinegotziak.
Jakaren hitzetan, «edozein jarduera egokitzeko prest dira, auzotarrei zuzendutako espazio bat izan ezik». Udalbatzarrean bi eredu desberdinen arteko talka islatuta geratu dela nabarmendu du: partaidetza oinarri, udal gobernuak bultzatutakoa; eta «herritarrei bizkarra emanez», oposizioak aurrera eramaten duena.
Mozioa EAJk aurkeztu du, Eusko Jaurlaritzari Kanpandegi kalean Lanbide Heziketako ikastetxe pilotu bat jar dezan eskatzeko. PSE-EEk emendakina aurkeztu dio testuari, alderdi honek egokiago ikusten duelako, Lanbide Heziketako zentro bat beharrean, IRALEren egoitza bertan ahalbidetzea. Bi alderdiak adostasun batera iritsi dira, bi proposamenen artean egokiena zein den aztertzeko konpromisoa hartzeko baldintzarekin. PPk bat egin du akordioarekin. Bilduk, ordea, kontra bozkatu du.
Mozioa azaltzeko orduan, Lanbide Heziketaren garrantzia azpimarratu dute jeltzaleek, eta Auzoetxearen egitasmoa zeharka besterik ez dute aipatu. Udal gobernuaren kritikiei erantzuteko garaian, berriz, Parte Zaharreko bizilagunen aldarrikapenari buruz hitz egin behar izan dute, ezinbestean. Auzoetxeari buruz udal gobernuko inork ez duela eurekin hitz egin kritikatu du EAJko bozeramaile Eneko Goiak, eta Bilduk gaia «ezkutuan» eraman duela salatu du. «Eztabaida ez da ekipamendu publikorik ez dagoela auzoan, zuek nahi duzuten proiekturako ez dagoela baizik», esan du. «Hezkuntza lehentasuna da guretzat, beste gauza batzuen aurretik», erantsi du.
PSE-EEk eta PPk, hauek bai, ez dute Auzoetxea aipatu ere egin. Hezkuntzaren aldeko apustua izan dute hizpide euren diskurtsoan. «Lanbide Heziketa oso garrantzitsua da. Aukera hau ezin dugu galdu, baina IRALE bertara lekuz aldatzea ere egoki iruditzen zaigu», esan du PPko zinegotzi Iñigo Arkauzek. «Mozioa oso ondo eraiki du EAJk. Hezkuntzari lotutako hiri baten aldeko apustua egiten dugu», adierazi du PSE-EEko bozeramaile Ernesto Gascok.