Nautikoan egin dute jardueraren aurkezpena, gaur goizean. (Argazkia: E. Zabala)
Edozer dugu posible izenpean, jai herrikoien aldeko eguna antolatu dute Donostiako Piratek uztailaren 9rako. Doako festa bat izango da Manu Chaok kontzertua eskainiko du Zurriola hondartzan. Horrekin batera, ordea, elkartasun jarduera bat ere egingo dute, izan ere, Zurriolan bertan, Elikagai Bankuarentzat eta Saharako errefuxiatuentzat janari eta baliabide bilketa egingo dute. Nautikoan agerraldia egin dute piratek gaur goizean, guztiaren berri emateko.
“2003. urtean lehorreratu ginen Donostian Kantauri itsasoaren indarrak lagundurik. Auzolanean, elkartasuna oinarri izanik, jai herrikoi, parte hartzaile, parekide eta euskaldunen aldeko olatu erraldoia osatu asmoz ari gara lanean. Mundu hobe bat eraikitzeko ari gara lanean”, azaldu dute piratek. Hala, lan horretan, bi arlori laguntza emtea erabaki dute. “Batetik, asko dira gure artean jatekorik ere ez duten pirata donostiarrak, eta zorionez badira egoera horri elkartasunez eta auzolanean erantzuten ari diren lagunak. Horien artean dauzkagu Elikagaien bankuko piratak, eta gure jarduera solidarioa beraiei zuzenduko diegu. Bestetik, gure herriarentzako gune askeak eraikitzen ari garen moduan, itsaso urrunetan ere bada herriarentzat lanean diharduen jendea. Horren adibide garbia dugu Sahara herria. Itsaslapurrei aurre eginez euren etorkizuna ereiten ari dira, ahalik eta modu duinenean bizirauten. Beren herria berriz abordatzeko baldintzak eskuratzen laguntzeko elikagai eta baliabideak bidaltzea erabaki dugu”, gehitu dute piratek. Hala, zehazki, bilketarako honako gauzak eramateko eskatu diete herritarrei: Arroza, oliba olioa, azukrea, kontserbak, esne hautsa, dilistak eta konpresak.
Donostiako Udalak bat egin du piraten elkartasunerako deiarekin, eta eskerrak eta zorionak eman dizkiete. Hala, bi ideia nabarmendu dituzte agintariek; batetik, piraten jai eredua eredugarritzat jo dute, eta bestetik, sahararrez gogoratzea oso garrantzitsutzat jo dute eta udalak herri horri maiz eskua luzatu dioela gogorarazi dute.