Iaz egindako babes ofizialeko etxebizitza batzuen zozketa. (Argazkia: Nagore Koch)
Ricardo Burutaran udaleko Hirigintza zinegotziak Etxegintzako batzordea deituko du. Bildu eta PSE-EEren botoekin onartu zen babes ofizialeko etxebizitzen berrikuskapen prozesua aztertzea izango da bileraren helburua. Hirian zegoen “kontrol faltari muga jartzeko” abiatu abiatu zuten prozesua Burutaranen hitzetan. Izan ere, kasu askotan kontratuen epea amaituta zegoen agintariaren hitzetan, zenbaitetan duela 15 urte baino gehiago. “Hau ez da onargarria, etxebizitza babestuaz ari gara eta benetan beharra duenari bideratu behar zaio. Horregatik, norbaitek ez baditu baldintzak betetzen, benetan behar duena ondare publiko horretara sarbidea kentzen ari zaio”, argudiatu du Burutaranek.
Hirigintza zinegotziak adierazi du, gainera, alokairuzko etxebizitza publikoaren helburua pertsonak bertan bizitzea dela, baina han bizitzeko baldintzak betetzen dituzten bitartean. “Neurri hau martxan jartzeak Etxegintzako teknikariek legealdi hasieratik egindako lanari esker emandako prozesu luze baten ondorioa da. Errentak diru-sarreren arabera eguneratu dira, batzuk gora eta beste batzuk behera”.
Kontratu berriak egiteko bete behar diren lege baldintzak honakoak dira:
- Beste etxebizitza baten jabetzaren gutxienez %50 ez izatea (gutxiago izatekotan horren balioa 75.000 eurora ez iristea edota etxebizitza ez alokatzea).
- Bertan erroldatuta egotea.
- Etxebizitza hori ezin da alokatu ezta beste jardueretara bideratu.
- 39.000 euroko gehienezko diru-sarrera ponderatuak gainditzen dituztenek ez dute babes ofizialeko etxebizitza batera sarbidea izateko eskubiderik izango, ezta kontratuak bete ondoren bertan jarraitu ere.