Itziar Aizpurua: "Ereinek apustu handia egiten du euskarazko nobelagintzagatik"
Euskadiko Liburu Ganbararen eskutik, Donostiako 39. Liburu eta Disko Azoka zabaldu dute gaur, eta uztailaren 13a bitartean egongo da Gipuzkoa plazan.
Dagoeneko ireki du Euskadiko Liburu Ganbarak Donostiako 39. Liburu eta Disko Azoka. Gipuzkoa plaza hartu dute hainbat argitaletxe eta liburu dendetako postuek, eta uztailaren 13a bitartean bertan izango dira, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Gipuzkoa plaza kultur topagune bihurtzea dute helburu antolatzaileek, eta azokaren harira antolatutako hainbat jarduerez gozatzeko aukera izango dute bisitariek: liburu aurkezpenak, idazleekin topaketak eta hitzaldi solasaldiak.
Egoitza hirian bertan duen Erein argitaletxea da azokako partaideetako bat. Bertan lanean ari zen Itziar Aizpuruarekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk.
Zer ekarri duzue azokara? Bilboko Azoka pasa berri dugu, eta bertan arrakasta dezente izan du Julen Madariagaren Egiari zor liburuak; gainera, astelehenean etorriko da Sotoan hitzaldi bat ematera. Berritasunen artean ditugu ere, Jose Javier Abasoloren Una del Oeste, nobela berean nahasten ditu ikerketa eta oesteko istorio bat; eta Jon Arretxeren Hutsaren Itzalak. Toti Martinez de Lezearen azkena ere badaukagu, Nur-enak… Xabier Etxaniz Rojoren Sirena Hotsak ere salgai dago, eta datorren astean Zilarrezko Euskadi Saria emango diote egileari. Ereinek apustu handia egiten du euskarazko nobelagintzagatik, eta hortik asko dugu, eta poesia ere badaukagu; haurrentzat ezer gutxi.
Herritarrak zer hurbiltzen dira gehiago ikustera edo erostera? Jendeak erosten du, baina gehienbat azoka izaten da Ereinen fondoa erakusteko, berritasunekin batera.
Helbururen bat jartzen duzue azokarako? Ez, ikusten dugu urtez urte salmentak nolakoak izaten diren. Bilbon, adibidez, duela hamabost egun izan da azoka eta nahiko ongi atera zaigu, iaz baino gehiago saldu dugu. Pentsatzen dugu Donostian ere bide beretik joko duela.