Txomineko Kristobaldegi komentua eraisten hasi dira
Uholdeei aurre egiteko neurrien baitan bota dute eraikinaren zati bat, eta mojen egoitza berria askoz ere txikiagoa izango da.
Uholdeei aurre egiteko neurrien baitan, Txomin Eneako Kristobaldegi komentuaren zati bat eraitsi dute gaur goizean. Zehazki, moja komentuaren iparraldeko hegala bota dute, Ricardo Burutaran Hirigintza zinegotzia bertan izan da. Hala, Burutaranek auzora egindako bisitaldian zehaztu duenez, Udal Gobernuak uztailean eraikuntza enpresekin informazio bilera ireki bat egingo du, beraien interesa kontrastatzeko. Iparraldeko hegalak beheko solairua, lehengo solairua, bigarren solairua eta ganbara ditu, 12 metroko altuera, guztira. Obra Ormak Construccion enpresari esleitu zion udalak, eta aurrekontua 129.449,47 eurokoa da. Lanak egiteko epea hiru hilabetekoa da.
Eraisten hasi diren komentu-hegalaren ordez, hegoaldeko aldean beste eraikin bat altxatu zuten, zorutik hiru metrora. Izaskun Larzabal arkitektoak diseinatutako eraikina da. Fatxada modernoa eta eguzki plakak ditu, eta elizaren ondoan dago. Bestalde, eraisketaren ondoren, horma berria eraikiko dute, klausurako mojen lurrak mugatzeko. Guztira, 510 m² hartzen duten eraikinak eraitsiko dituzte, hiru fasetan.
Proiektu baten barnean
Etorkizunean auzoak izango duen ibaiaren parketaren eta urpean gera daitekeen eremuaren alboan geratuko da komentua. Mojek eta Txomin Eneako bizilagunek komentua dagoen lekuan geratzea nahi dute udalaren esanetan, auzoan errotuta dagoen eta bizilagunekin harreman estua duen komunitatea dela baitio. Hala, Txomin Eneako bizilagun askok irakurtzen komentuan ikasi dutela diote.
Komentu berria askoz txikiagoa izango da. Zehazki, Udalak eta Kristobaldegiko mojek hitzarmen bat sinatu zuten 2011ko urrian, azaroko uholdeak baino zenbait egun lehenago. Horren ondorioz, udalak komentuaren 8.008 m2-ko lursail bat erosi zuen, abiarazitako obren lehen pauso bezala. Komentuaren hegal berria eraiki ondoren, ibaitik gertuen dagoena eraitsi eta horma berria eraikiko dute.
Txomin Eneko etxebizitzak eraikitzeko operazioari dagokionez, lehen fasean, babes ofizialeko 424 etxebizitza, 132 etxebizitza tasatu eta 281 etxebizitza libre eraikiko dituzte, baita beste 106 ere, hainbat bizilagun etxez aldatzeko helburuarekin.