Udal Dantza Eskolaren eraikina egiteko lanak bi aste barru hasiko dituzte
Udal Dantza Eskolaren egoitza sortzeko lanak hemendik bi astera hasiko direla jakinarazi du udalak. Gaur goizean onartu du obren eskaintza Udal Gobernu Batzordeak, beraz, Construcciones Amenabar enpresak egingo du eraikina, 663.000 euroko aurrekontuarekin. Blas de Otero plazapean egongo da Dantza Eskola berria, Egiako igarobidea berrantolatzearen ondorioz eratuko duten plaza berrian. Musika eta Dantza Eskolak egun 2.000 ikasle baino gehiago ditu; horietako 1.600 ikaslek musika ikasten dute, eta 400ek dantza. Erakin berriarekin beste 160 ikaslerentzat tokia izatea aurreikusten dute.
Eraikin berria dantza eskolak emateko baliatuko dute. Guztira, 1.045 metro koadro izango ditu, lau dantza areto eta berotzeko gela bat barne, besteak beste. Naiara Sampedro Hezkuntza zinegotziak aurreratu du eskola datorren urterako prest izango dela, eta instalazio berri honi esker irakasgai bakoitzak bere eraikin propioa izango dutela nabarmendu du. “Udal Musika eta Dantza Eskolak datorren urtetik aurrera bi egoitza izango ditu, musikarako bata, eta dantzarako bestea. Horri esker, eskaintza zabaltzeko aukera izango dugu, ikasle gehiagorentzako tokia bermatuz eta beste dantza espezialitate bat txertatuz, euskal dantzak”. Dantza Eskolan, hortaz, dantza klasikoa, egungo dantza eta, lehen aldiz, euskal dantzak ikasi ahal izango dituzte ikasleek. Euskal dantzak irakasteko irakasle postu bat sortuko dute. “Helburua da euskal dantzak curriculum proiektura sartzea, eta irakasgai horretan herriko dantzei, erroak herri ohituretan duten dantzei ere lekua ematea, gure kulturaren eta nortasunaren osagai direnez gero”, gehitu du Sampedrok.