Auzoetxearen aldarrikapenak bere horretan darrai Parte Zaharrean
Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak Auzoetxearen aldarria atera du berriro kalera. Kasu honetan, kartelak jarri ditu Konstituzio plazan, auzoko hainbat eragilek egindako eskaeraren arrazoiak gizarteratzeko.
Joan den osteguneko udalbatzarrean kolpe latza jaso zuen auzotarren aldarrikapenak. Izan ere, oposizioak erabaki zuen Heziketa arlorako erabiltzea Kanpandegi kaleko Orixe ikastolaren egoitza ohia. Bertan egokitu nahi zuten Auzoetxea, baina litekeena da aukera hori bertan behera geratzea, Udalbatzak hartutako erabakiaren ondorioz. Hala ere, auzotarrek aldarrikapenari eutsi diote, eta kartelak jarri dituzte gaur Parte Zaharrean.