Irutxuloko Hitzak '.eus' domeinua hartuko du
Lehenengo 92 aitzindariak aurkeztu ditu PuntuEus Fundazioak Bilbon, eta zerrendaren aniztasuna nabarmendu du.
Sei urte igaro dira PuntuEus elkartearen sorreratik. Sei urte egin dituzte, euskara eta euskal kulturaren topagunea izango den domeinu baten alde lanean. Urratsez urrats, eta askotariko aldeen bultzadari esker, iritsi da sareratzeko unea. Hala, 92 aitzindari izango ditu .eus domeinuak Interneten. Horien artean dago IRUTXULOKO HITZA, beraz, irutxulo.hitza.eus webgunearen helbidea irutxulo.hitza.eus izatera igaroko da. Bilboko Kafe Antzokia izan da aurkezpenaren lekuko, gaur eguerdian eta bertan eman dute 92ko zerrendaren berri. Domeinuaren Aitzindarien zerrenda “oso anitza” dela nabarmendu du fundazioak, “izaera, dimentsio eta jatorri ezberdineko entitateak biltzen dituelako”. Bederatzi, enpresak dira; 23, erakunde publikoak; hamalau, hedabideak; eta 46, euskal kulturgintzako eragileak.
PuntuEus Fundazioko lehendakari Juan Mari Torrealdaik eskerrak eman dizkie aitzindari izatea erabaki dutenei. Azaldu du garrantzia handia duela aitzindarien programak, .eus domeinua sustatu eta bultzada ekonomikoa ematen diolako, esaterako: “Proiektuak orain datorkion bidearen hasiera duintasunez egiteko adina bultzada ekonomiko jaso du”.
Abiarazte aldia, irailaren 16tik azaroaren 18ra
Aitzindarien Fasearen ondoren, abiarazte-aldia etorriko da, Torrealdaik azaldu duenez. Abiarazte aldian mota guztietako erakunde publiko, elkarte eta enpresek euren domeinu-izenak eskatu ahal izango dituzte, lehentasunez, publiko orokorrera ireki aurretik. Abiatze fase hori irailaren 16an hasi eta azaroaren 18an amaituko da, eta denbora tarte horretan eskatzen diren domeinu-izen guztiak abenduaren 3an aktibatuko dira, Euskararen Nazioarteko Egunean.