Kaldero Jaun, giro ederrean
Hego Intxaurrondoko Kaldero Jaun jaiak iritsi dira. Izan ere, Kaldero Jaunaren erromeria egin zuten atzo arratsaldean, eta ondoren, txupina bota ostean, jaiei hasiera ofiziala eman zieten auzotarrek. Egun handia izaten ari da larunbata Intxaurrondoko bizilagunentzat, III. Intxaurrondo Eguna bait dute gaurkoa. Hala, goizetik hasi eta gauera bitarte jaiak ez du etenik izango. Azken batean, auzoa elkartzea baitute helburu.
Behemendi Elkartearen azokak emandio hasiera larunbatari, Sagastieder plazan. Horretaz gain, petanka txapelketa, auzoan barrena bisitaldi gidatua, Breakdance tailerra, Graffiti festa eta marmitako lehiaketa egin dituzte, besteak beste. Hala, eguraldi ona lagun, intxaurrondotar askok egin dute bat jaiekin. Musikari dagokionean, Granujas a Todo Ritmo eta Demode Quartet arduratu dira giroa alaitzeaz, goizean barrena. Eguerdian herri bazkaria egitekoak ziren, eta arratsaldean eta bihar ere jaiak ez du etenik izango. Gaur, 18:30ean, esaterako, herri antzerkia egingo dute, Eneko Olasagastiren gidaritzapean, eta gauean, Tsunami taldeak emanaldia eskainiko du.
Jaiak igandean amaituko dira, 21:30ean, Kaldero Jaunari egingo dioten epaiketarekin, urtero legez. Hala, jaietako pertsonaia nagusiak su ez hartzeko aukera bakarra, jaiak bukatu bitartean ere euririk ez egitea izango da.