Kaldero Jaun jaietako antolatzaileek erretiroa hartzea erabaki dute
Hego Intxaurrondoko jai batzordeko kideak agurtu egin dira, 22 urteren ostean, eta gazteei luzatu diete lekukoa hartzeko deia, datozen urteetan ere festak egon daitezen.
Bukatu dira Hego Intxaurrondoko Kaldero Jaun jaiak, eta bukatu da 22 urtez jaiak antolatzeaz arduratu den jai batzordearen lana. “Jai batzordeak denei eskertu nahi dizue zuen laguntza eta partze hartzea. Aurten bi berri ditugu, bata ona, eta bestea ez hain ona. Ona, jaiak bikainak izan direla, atzoko zaparrada kenduta, eta hain ona ez dena da, batzordekoak pixkanaka zahartzen ari garela. Azken 22 urteetan Kaldero Jaun jaiak antolatzen eta zuekin gozatzen aritu gara, baina iritsi da atseden hartzeko unea”. Hitz horiekin jakinarazi du Kaldero jaun jaietako jai batzordeak, Sagastieder plazako eszenatokitik, bere ibilbidea etengo duela. Beraz, datorren urteko jaiak kolokan geratu dira, jai batzorde berri bat osatzen ez den bitartean. “Batzorde honi lekukoa emateko garaia iritsi zaio, nahiz eta zaila dirudien. Datorren urtean berriro ere jaiak ospatu nahi baditugu, jende gazteagoa behar dugu, batzorde berri bat sortzeko. Hala ere, gu beti hor egongo gara, laguntzeko prest”. Hala, eskerrak eman ostean, txalo artean agurtu dira jai batzordeko kideak. Batzordeko kide Ramon arduratu da gaztelerazko testua irakurtzeaz, eta malko artean iritsi da bukaerara, guztiz hunkituta.
Orain, intxaurrondotarren eskuetan geratuko da jaien jarraipena. Batzordeko kideek esan duten moduan, lekukoa beste batzuei pasatzeko gogoa baitute, jaiek bizirik iraun dezaten. Edonola, urtero legez, Kaldero Jaunen epaiketa egin dute, eta larunbatean euria egin zuenez, jaietako pertsonaia erretzea erabaki dute auzotarrek jaiak bukatzeko.