Altzako kiroldegia egiteko Plan Orokorraren aldaketari hasierako onarpena emango diote bihar
Plan Orokorraren aldaketak behin betiko onarpena jasotzen duenetik urtebeteko epea emango dute kiroldegi berriko lanak hasteko; 2016. urteko lehen lau hilabeteetan hastea aurreikusi dute.
Altzako kiroldegi berria egiteko ezinbestekoa da aurretik eremu horri dagokion Hiri Antolamendurako Plan Orokorra aldatzea. Izan ere, egungo planak Larres eremuan, edo kiroldegia dagoen eremuan, 158 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du. Bihar emango diote hasierako onarpena Plan Orokorraren aldaketari, eta hala, etxegintza proiektua bertan behera utzi eta bizileku eremua dena ekipamendu eremu bihurtuko dute, kiroldegi berria eraikitzea ahalbidetuz.
Plan Orokorraren aldaketan, beste bi gune ere sartuko dituzte. Batetik, Oleta Larres eremutik bananduko dute, eta bere garapen proiektu propioa zehaztu beharko diote. Bestetik, Auditz Akularren zati bat kiroldegiko eremuari gehituko diote. Aldaketa honek ez du aldaketa berezirik beharko, dagoeneko ekipamendu eremu gisa definitua baitago.
Ricardo Burutaran, Hirigintza zinegotziak eman ditu Altzako kiroldegiaren eremuari dagozkion aldaketen berri. Kiroldegia egitea ahalbidetuko duen lehen pausoa izatez gain, inguru guztia eraldatuko duen proiektua dela gogoratu du. Izan ere, kiroldegi ingurua auzotarrentzako topaleku bihurtzea dute helburu, Tomasene eta Casares kultur etxeekin lotura izango duen eremu zabal bat sortuz. Inguru horretan oinezkoek izango dute lehentasuna gainera; “Horrela, berez etxez beterik dagoen eremu bat lasaitzea lortuko dugu”, esan du Burutaranek.
Leira Landa, Donostia Kirolako zuzendaria ere gaurko agerraldian izan da. Plan Orokorraren aldaketaren garrantzia azpimarratu du, eta hirigintza prozesua garatzearekin batera kiroldegi berriaren proiektua ere garatu dutela adierazi du. Hala, datozen asteetan ideia lehiaketara aurkeztutako 25 proiektuetatik bost aukeratuko dituzte. Hauek euren egitasmoa sakonago garatu beharko dute, diseinua, kalitate arkitektonikoa, mantentze lanak ahalik eta txikienak izatea, eta ingurumen irizpideak kontutan hartuz.
Azkenik, bost proiektuen garapena altzatarrei aurkeztuko diete, egoki ikusten dituzten ekarpenak egiteko, proiektua hobetzeko eta auzoaren beharretara ahal den ondoen egokitzeko.
Epeak
Altzako kiroldegi berriak 10 milioi euroko aurrekontua izango du. Epeei dagokionez berriz, bihar adostuko duten Plan Orokorraren aldaketaren behin behineko onarpena uztailaren 24ko udalbatzarrean berretsiko dute. Burutaranen arabera, urte bukaerarako bigarren onarpena lortzea espero dute, eta datorren urteko lehen lauhilekoan behin betiko onarpena. Egun horretatik aurrera, urtebeteko epea emango dute lanak hasteko, beraz, kiroldegi berria eraikitzen 2016. urte hasieran hastea espero dute. Amaitu, berriz, 18 hilabetean amaitzea aurreikusten dute.