Denboraldi berriari ekin dio Realak
Realak denboraldiko lehen entrenamenduari ekin dio Zubietan. Jokalariak 11:00ak aldera irten dira zelaigunera, Jagoba Arrasate entrenatzailearekin batera. Lehen taldean arituko dira lehen aldiz horietako batzuk: Zaldua, Gaztañaga eta Yuri Berchiche. Bigarren taldeko Hervias, Callens eta Bardaji ere deituak izan dira talde nagusiarekin entrenatzeko. Hala ere, izen horien guztien gainetik, protagonista nagusia Alfred Finnbogasson izan da. Islandiarrak atzo sinatu zuen kontratua Realarekin, datozen bost urterako, eta gaur zale guztien begiradak jaso ditu. Itxura oneko jokalaria da, jarraitzaileek ikusitakoaren arabera.
Zubietako harmailek itxura polita erakutsi dute. Haur ugari hurbildu dira Realaren lehen saioa ikustera, eta denak itxaropentsu agertu dira denboraldi berriari begira. Taldeak beste entrenamendu bat egingo du arratsaldean, 18:00etan. Aurre denboraldia abian da, lanean gogor aritzea egokituko zaie ondorengo egunetan.