"Musikaren sustraietara itzuli gara"
Triz3ps taldeak ‘Buenas Nuevas’ lan berria argitaratu du; soilik binilozko diskoan eskuratu ahal izango da.
Larunbatean Guardetxean joko du zuzenean, abesti berriak aurkezteko.
Abentura berri bat hasi du du Triz3ps taldeak. Buenas Nuevas diskoa kaleratu du Javi P3z musikari donostiarra buru duen proiektuak. 2011ean elkartu ziren Javi P3z (gitarra eta ahotsa), Oriol Flores (bateria) eta Alberto Bosch (baxua), eta gaur aurkeztu dutena, elkarrekin egindako ibilbide honetan argitaratutako hirugarren lana da. Gogoetazko diskoa dela esan dute, eta bizi dugun momentuari buruzko gogoetak jaso dituzte kanta berrien hitzetan.
“Musikaren sustraietara itzuli gara, musika tresnen soinu naturalera”, plazaratu du P3zek. Eta abestiak ere modu tradizionalean grabatu dituzte, modu analogikoan. Konposizio berriak soilik binilozko diskoetan entzun ahal izango dira, hirugarren lan hau ez baitute CD formatuan kaleratuko. Guztira 300 kopia argitaratu dituzte. “Binilozko diskoak maite ditugu, baina ez soilik formatuagatik, objektua bera ere asko gustatzen zaigu”, argitu du P3zek.
Lan egiteko modua oso zuzena eta bat-batekoa izan dela azaldu du Oriol Floresek, eta horrek nolabait taldearen izaera islatzen duela: “Gu ere horrelakoak garela uste dut, osagai artifizialik gabekoak. CDrik ez argitaratzeak ere horretara eraman gaitu, digitalizaziorik gabe lan egitera eta gauzak beste era batera egitera, lehen bezala”.
Zortzi abesti jaso dituzte lan berrian. “Bakoitza unibertso desberdin bat da, baina guztietan nabari da Triz3psen estiloa”, adierazi du Javi P3zek. Dantza egiteko gogoa pizten duen musika egin dutela dio. Ohi bezala soul eta funk erritmoak dira Triz3psen konposizioen oinarria eta estandartea, baina beste askotariko estiloekin ere zipriztindu dituzte beste kantak, ska, rock eta popaz bustitako diskoa ere baita.
Egunkari baten diseinuarekin jantzi dute diskoaren azala, eta ez da apaingarri hutsa. Gizartean gertatzen ari diren hainbat arazo jaso nahi izan dituzte: kontsumismoa, komunikazioaren teknologiak sortutako inkomunikazioa, bizitzaren hauskortasuna… Ironiaz eta zapore mikatzez betetako kantak dira, baina esperantzaz ere beteta daude”.
Taldearen hiru urteko ibilbidean familia bat sortu dutela, eta disko gehiago egiteko gogotsu daudela aitortu dute. Oraingoz erritmo onean dabil Triz3ps, hasi zenetik, urtero lan berri bat kaleratu baitu. Triz3ps hiru kiderekin hasi bazen ere, proiektuaren argazkia sei lagunek osatzen dutela azaldu du P3zek. Luis Camino (perkusioa), Paul San Martin (teklatua) eta Kaki Arkarazo (soinu teknikaria) izan baitituzte lagun hasieratik. Gainera, disko honetan The Broken Horns (Ion Celestino, Alberto Arteta eta Iñaki Rodriguez) banda izan dute kolaboratzaile gisa. Guztiak elkartu eta emanaldi berezi bat egiteko gogoa dutela azaldu dute. Oraingoz emanaldi bakarra lotu dute, larunbat honetan Guardetxean egingo dutena (22:00).
[box]
Triz3ps zuzenean:
Non: Guardetxean.
Noiz: Larunbatean, uztailaren 5ean.
Ordua: 22:00.
Sarrera: 8 euro. (Sarrera eta diskoa 15 euroren truke eskuratzeko aukera izango dute zaleek).
[/box]