Uda amaierarako zehaztuko dituzte Anoetako estadioa berritzeko baldintzak
Eusko Jaurlaritzaren ekarpena zehaztea falta da proiektuaren lehiaketa publikoa abian jartzeko.
Anoetako estadioaren eta estadio txikiaren eraberritzea hiriko egitasmo garrantzitsuenetariko bat dela adierazi du Juan Karlos Izagirre alkateak. Eraberritzeak nazioarteko kirol lehiaketak bertan egiteko aukera emango duela esan du, eta baita bestelako kultur jarduerak egiteko aukera ere; “Estadio berria futbolaz gain, errugbia eta beste hainbat kiroletako goi mailako lehiaketak egiteko baldintzetara egokituko da. Gainera ez dugu ahaztu behar Anoetaren eraberritzea esaten denean, estadio txikia ere kontuan hartzen dela; estadio txikia berritzeak nazioarteko atletismo probak bertan egitea ahalbidetuko du”.
Izagirrek adierazi duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak Udalbatzak onartutako egitasmoa bertan behera uztean, Anoeta eraberritzeko baldintzak aldatu behar izan dituzte. Hasiera batean, izaera publikoa eta pribatua izango zuen bitariko elkartea osatzea zen asmoa. Eta estadioaren erabilera aldatzeko Plan Orokorra aldatzea ere adostu zuten. Baina Auzitegi Nagusiak ez zuen onartu, beraz, egitasmoari beste forma bat eman diote.
Biharko Tokiko Gobernu Batzordeak bitariko elkartea sortzeko asmoa bertan behera uztea onartuko du, eta eraldaketa Plan Orokorra aldatu gabe egingo dute. Hala, Anoeta Kiroldegiak estadioaren lanak eta erabilera zehazteko lehiaketa publikorako deialdia egingo du. Hortaz, enpresa edo elkarte pribatu batek jarri beharko du lanak egiteko dirua eta diru sari bat ordaindu beharko du erabilera urte bakoitzeko (40-50 urterako ematea aurreikusten dute).
Lehiaketa publikorako baldintzen zirriborroa prest dutela adierazi du Izagirrek, baina ezin dute zehaztu eta publiko egin Eusko Jaurlaritzak bere ekarpena zehazten duen arte. Izan ere, alkateak adierazi duenez, Gasteizko Gobernuak Anoetako estadioaren eraberritzean parte hartzeko konpromisoa hartu zuen. Izagirreren arabera, martxoan bildu ziren Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin hitzarmena zehazteko, baina oraindik ez dute berririk jaso. Areago, Eusko Jaurlaritzak eskura ez dituen hainbat dokumentu eskatu omen dizkio Donostiako Udalari, eraberritze lanen proiektua, esaterako; “Eskura genituen agiriak eman dizkiegu, baina proiektua ezin diegu eman, lehiaketa irabazten duen enpresaren ardura izango baita proiektua egitea”.
Bestalde Europako erakundeekin ere lanean ari direla jakinarazi du alkateak, egitasmoak baldintza juridiko guztiak betetzen dituela ziurtatzeko.
Donostiako Udalak “bere etxeko lanak” egin dituela esan du Izagirrek, eta uda arteko epea utziko dute Eusko Jaurlaritzak bere ekarpenaren berri emateko. “Baldintzak ezberdinak dira erakundeek egiten duten diru ekarpenaren arabera, baina Eusko Jaurlaritzak berea zehazten ez badu, uda bukaeran lehiaketako baldintzak zehaztuko ditugu, ekarpen hori kontuan hartu gabe; proiektu hau beharrezkoa da, eta ezin dugu gehiago luzatu”.
Anoetako estadioa eraberritzeak 50 milioiko aurrekontua izan dezakeela aurreikusten dute.