Burutaran: "Alokairu kontratu batzuk 15 urtez berritu dira, familien egoera aztertu gabe"
Etxegintzak bideratzen du prozesua, eta gaur goizeko kontseiluaren ondoren eman ditu datuak Ricardo Burutaran, Hirigintza zinegotziak.
Etxebizitza publiko guztiak berraztertzeak luze joko duela adierazi du zinegotziak. Dena dela, zeregin hau ezinbestekoa dela esan du, “etxebizitza publikoak berrantolatu eta benetako beharra daukaten herritarrei eskaintzeko”.
Errotaburuko Lasarte plaza eta Serapio Mujikako etxebizitzak ikuskatu dituzte, eta kontrol kanpaina abiatu bezain laster zazpi familiak euren borondatez etxeko giltzak eman dituztela jakinarazi du Burutaranek; horietako familia batek udarako etxebizitza moduan erabiltzen zuen alokairuzko etxebizitza publikoa.
Etxebizitza publikoak diren heinean, maizterrek baldintza batzuk bete behar dituztela esan du Hirigintza zinegotziak, eta ezaugarri horien bilakaera ere kontrolatu behar dela nabarmendu du. Burutaranen arabera, “alokairuzko kontratu batzuk 15 urtez berritu dira maizterren egoera aztertu gabe, eta hori ez da posible”. Hortaz, prozesu honen bitartez, familia unitateen egoera aldatzen den moduan aldatuko da ordaindu beharreko errenta ere. Alokairuzko kontratuak bost urtekoak badira ere, udal gobernuak azterketa hau urtero egitea proposatu du. Hala, momentu jakin batean diru sarrera gutxiago dituen familia batek errenta baxuagoa ordainduko du, eta diru sarrerak handitu zaizkion familiak, berriz, egoera berrira egokitu beharko du alokairua. “Gutxiago daukanak gutxiago ordaintzea da helburua, eta gehiago daukanak gehiago”, esan du Burutaranek.
Diru sarrerena da hain zuzen ere, Etxegintzak abian jarri duen prozesu honetan aztertzen den baldintzetako bat. Alokairuzko bi etxebizitza mota daude: etxebizitza sozialak (familia unitateak urteko 25.000 euro baino gutxiago jasotzen duenean), eta babes ofizialekoak (urteko 39.000 euro baino gutxiago). Etxebizitza sozial batean egon eta diru sarrerak bi zifren artekoak badira, familiari etxebizitzan geratzeko aukera emango diete, baina errenta egokituta. Izan ere, “helburua ez da etekinak ateratzea, edo herritarren artean ezinegona sortzea, egoera beharretara egokitzea baizik”, esan du Burutaranek.
Lehen datuen arabera, alokairuzko etxebizitza batean egoteko baldintzak betetzen ez zituzten familien arrazoi nagusia diru sarrerak behar baino handiagoak izatea da. Burutaranek adibide bat jarri du: etxebizitza sozial batean bizi zen Lasarte plazako familia batek 93.000 euroko diru sarrerak zituen urtean.
Gehien betetzen ez den beste baldintza jabetzarena da. Alokairuzko etxebizitza publiko bat edukitzeko derrigorrezkoa da bestelako etxebizitzarik ez edukitzea jabetzan, eta izatekotan ezin du %50ekoa baina handiagoa izan, edo 75.000 eurokoa baina balio handiagoa izan.
Lehen datuak
Berrazterketen lehen fase honetan Errotaburuko Lasarte plazako etxebizitzak eta Serapio Mujikakoak aztertu dituzte; 200tik gora.
Lehen datuen arabera, 36 familia unitateren egoera ekonomikoa hobetu egin da, beraz, alokairuaren prezioa igo egin zaie. Beste 27 familia, berriz, egoera okerragoan daude, beraz, alokairu jaitsi egingo zaie.
Bestalde, 15 familia unitatea topatu dituzte, beste jabetza bat zutenak, horietako batzuk hirian bertan. Burutaranek argitu duenez, jabetza beti beste etxebizitza batena izan behar du, jarduera ekonomikoetarako lokalak, trastelekuak…ez dira kontuan hartzen. Alor honetan beste bost familien kasuak ere aztertzen ari dira.
Diru sarrerei dagokionez, zazpi kasutan gehienezko 39.000 euroko muga gainditzen dute, beraz, familia uunitate horiek etxebizitza publiko bat izateko beharrik ez dutela ondorioztatu dute.
Azkenik, lau kasutan ez-ordainketak gertatzen ari dira. Hauetako bitan gainera, beste etxebizitza baten jabetza daukate eta hirugarren batean etxeko logelak alokatzen dituzte. Laugarrenari dagokionez, bertan bizi den pertsonak ez du inongo ordainketarik negoziatu nahi. Burutaranek adierazi duenez, azken honen kasua berezia da, eta Ongizate Zerbitzuarekin batera, akordio batera iristeko itxaropena daukate.
Hirigintza zinegotziaren arabera, prozesu honen bidez, batetik, alokairuzko etxebizitza publiko guztien egoera eguneratu nahi dute, eta bestetik, etorkizunean halako egoerak errepikatzea ekidin nahi dute; “herritarrek jakin dezatela, etxebizitza publikoak benetan behar dituztenentzak direla, eta egoera gertutik aztertuko dugula gainera”.
Donostiako Udalak etxebizitza publikoen alokairu kontratuak berrikusteko prozesuaren lehen emaitzak eman ditu.