Datorren urtean ere Emakumeen Etxean egongo da Emakumeen Kulturarteko Gunea
Urtarriletik ekainera, astean behin elkartzen dira jatorri anitzeko emakumeak Emakumeen Kulturarteko Gunean. Kultur Aniztasun sailak 7.500 euroko ekarpen egiten dio.
Donostiako Udalak, Kultur Aniztasunaren eta Berdintasunaren bulegoen bitartez, kultur aniztasuna sustatu eta aitortu nahi du hirian. Ikasturtean zehar hainbat jarduera egin dituzte helburu horrekin.
Emakumeen Kulturarteko Gunea sortzea izan da garatu duten egitasmo bat. 14 herrialdetako eta sinesmen anitzetako 29 emakumek hartu dute parte gunean. Donostiako Emakumeen Etxean kokatua dago gunea, eta datorren ikasturtean ere halaxe egongo da.
Naiara Sampedro, Kultur Aniztasuneko zinegotzia pozik agertu da egitasmoak izan duen harrerarekin; “Emakume horien egoera pertsonala eta soziala hobetzea, elkartasun eta laguntza sareak sortzea, emakume etorkinen eskubideak ezagutzea eta, osasun fisiko eta emozionala hobetzea da espazio honen helburua”, esan du Sampedrok.
Garaipen elkarteak dinamizatzen du Emakumeen Kulturarteko Gunea, eta astean behin, astearteetan, elkartzen dira, bi orduko saioak eginez. Urtarrila eta ekaina bitartean, 20 saio izan dituzte aurten.
Gunean elkartzen diren emakumeak, emakume eta migratzaile izateagatik, egoera ahulagoan aurre egin behar izaten diote egunerokotasunari, eta hori lantzeko etengabeko lanketa prozesua behar izaten dutela adierazi dute elkartetik; “Lantaldean aritzea funtsezkoa da, eta bertan segurtasuna, maitasuna, norbere buruarenganako konfiantza, lan eta atzerritartasun eskubideak, sexu eskubideak eta amatasuna lantzen dira”.
Bestalde, gune hau Emakumeen Etxean kokatzearen garrantzia nabarmendu du Sampedrok: “Emakumeen Etxea espazio erreferente bilakatu da bai bertan jaio zein beste jatorrietako emakumeentzat, eta egitasmo honek beste gune eta sareekin harremanak eraikitzen jarraitzeko aukera eskaini du, jatorri anitzeko emakumeen arteko zubiak, sareak eta guztiontzako espazioak sorrarazten lagundu duelarik. Hori guztia elkarren arteko erlazioa, elkartrukea, errespetua eta aitorpena sustatuz”, adierazi du zinegotziak.