Kultur Aniztasun sailaren lehen urtea "emankorra" izan da
‘Gure hizkuntza, identitatea eta herriari aitortza eginez baino ez dugu jakingo besteen identitateak aitortzen’. Ideia hori izan zuen Donostiako Udalak abiapuntu iazko ekainean Kultur Aniztasun saila sortzean, eta saila abian jarri eta urtebetera, hilabete emankorrak izan direla ondorioztatu dute.
Lehen urratsa hiriko jatorri aniztasuna eta elkarbizitzari buruzko diagnostikoa egitea izan zen. Txostenak erakutsi zuen Donostian jaiotako eta beste jatorrietako donostiarren arteko harremana errespetuzkoa dela, baina, elkar ezagutza urria.
Diagnostikoa egiteko herritar eta elkarteekin bilerak egin zituzten hainbat auzotan. Bilera horien ondorio nagusia, kultur aniztasuna sustatzeko elkarteen hiri mailako sare baten beharra izan zen. “Sare horren eraketan dihardugu, aniztasunaren aldeko indarrak batu eta elkarlanean aritzea baita gure asmoa”, adierazi du Naiara Sampedro, Kultur Aniztasuneko zinegotziak.
Elkarlan hori nazioartera ere zabaldu da, Donostiak Europako Kulturen Arteko sarearekin bat egin baitu. Kultur Aniztasun sailak antolaturiko jarduera garrantzitsuenen artean Kultur Aniztasunaren Asteburua aipatu dute, EH11Kolore eta Etxe Errejionalekin batera antolatu zutena. Orduan egin zituzten Kulturen Arteko I Topaketak ere.
Bestalde, udalbatzak arrazakeriaren kontrako eta berdintasunaren aldeko konpromisoa berretsi zuen martxoan, aho batez onartu zuten erakunde adierazpen baten bidez, Kulturen Arteko Hiri izendapena duen Euskal Herriko lehen hiriburua bilakatuz Donostia.
Urtea biribiltzeko, nazioarteko oihartzuna azpimarratu du udal gobernuak. Europako Kontseiluak, adibidez, Naiara Sampedroren artikulu bat publikatu du bere webgunean. Donostia/San Sebastian engaged deeply with diversity deituriko testuan, Donostiako Udalak kultur aniztasuna sustatzeko egindako urratsak azaltzen ditu Sampedrok.