
Manu Chao eta Fermin Muguruza gaur eguerdian, Zurriolan, soinua probatzen. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Gaueko kontzertuetarako prest dago Zurriola hondartza.
Porrotxen emanaldia, mintzodromoa, bertso hopa, oka jolas erraldoia… Edozer Dugu Posible egunaren egitarauak ez du etenik.
Abian da Donostiako Piratek jai herrikoien alde antolatutako eguna. Edozer Dugu Posible lelopean goizetik gauerako egitarau oparoa prestatu dute. Saguesen hasi dute eguna, haurrentzat egindako oka jolas erraldoi batekin. Zortea izan dute, goizeko lehen orduetan euria egin badu ere, jolasak hasi direnerako atertu egin baitu. Ehunka haur elkartu dira bertan oka jolaseko proba guztiak egiteko irrikitan: aurpegiak margotu dituzte, dantza, kanta, kirola… Ez dute aspertzeko tarte bat bera ere izan. Porrotx pailazoa iritsi denean iritsi da eromena Saguesera. Haur eta guraso andana elkartu da haren inguruan.
Mintzodromo piratan euskararen erabileraz eta jaietako giroaz aritu dira solasean, eta bertso hop emanaldian festa giroan murgildu dira bertara gerturatutakoak. Une horretan hasi dira lehen euri tantak. Lainotzar handi baten mehatxupean aritu dira, baina ez dira kikildu. Edozer Dugu Posible leloa daraman mural handi bat osatzen ari dira Ainara Azpiazu artista eta bere lagun talde bat. Lehen euri tantak erortzen hasi direnean lekuz aldatu behar izan dute, baina lanean jarraitu dute.
Ordubatak aldera, Saguesetik lehen musika doinuak entzun dira. Manu Chao Zurriola hondartzako agertokira igo da soinua probatzen hasteko. Hainbat lagun gerturatu dira musikari eta abeslariaren lehen erritmoak entzutera. Fermin Muguruza ere igo da taula gainera, Gora herria eta Sarri Sarri abestiekin dantzan jarri ditu hondartzan zeuden lagun eta zaleak. Gaur gauean egingo duten zuzenerako berotzen hasi dira. Arratsaldean, 19:30ean hasiko dira kontzertuak. Tania de Sousa, Skakeitan, Selektah Stepi eta Manu Chao izango dira taula gainean.
[Gallery=171]