"Izugarria izan da jendearen erantzuna"
500 boluntario mobilizatuko dira gaur Donostiako Piratek antolatutako Jai Herrikoien Aldeko Egunean.
Auzolanean egindako lanaren bidez lortu dute Donostiako Piratek gaurko eguna antolatzea, eta jendearen erantzuna “izugarria” izan dela adierazi diote Irutxuloko Hitzari. Gaur guztira 500 boluntariok lan egingo dute Edozer dugu posible lelopean prestatu duten egitarauak aurrera egin dezan.
Larunbatean hasi ziren Zurriola hondartzako agertokia muntatzen. Maddi Mochales Piraten komunikazio arduradunak azaldu du kofradien antolaketari esker errazagoa izan dela muntaketa. Halere, kofradietako kide ez direnen laguntza handia izan dela azaldu du: “Asteburuan lan txandak betetzeko jendea falta zen. Laguntza eskatu genuen eta berehala mezu pila bat jaso genituen”. Adimen urritasuna duten pertsonekin lan egiten duen Goyeneche Fundazioarekin elkarlana bideratzeko ere baliatu dute auzolana: “Agertokiaren muntaketan laguntzen aritu dira, eta atzo, bazkaria prestatu zuten lanean aritu ziren guztientzat”.
Janari bilketa
Elikagai Bankuarentzat eta Sahara Mendebaldeko errefuxiatuentzat janari bilketa egingo dute. Arroza, konpresak, oliba olioa, azukrea, kontserbak, esne hautsa eta dilistak eramateko eskatu dute. Mochalesek azaldu du horiek oinarrizko beharrak asetzeko produktuak direla, baina beste hainbat objektu ere ongi etorriak izango direla: “Jendeak galdetu digu ea komikiak eta bestelako gauzak eraman daitezkeen, eta bai, laguntza guztia eskertuko dugu”. Saguesen eta Zurriola hiribideko parkingaren ondoan bilketa postu bana jarriko dute.
Sare sozialetan azkar zabaldu da janaria biltzeko beharra, eta jende askok bihar eramango dituen gauzen irudiak argitaratu dituzte Twitter bidez #IzanSolidario traolarekin. Realeko jokalari batzuek, Gaztelumendi anaiek eta Donostiarrako arraunlariek ere bat egin dute janari bilketarekin.
Mintzalagun pirata, oka jolas erraldoia…
Zurriolako agertokiaren azken ukitua eman zuten atzo Piratek, eta gaur goizean Sagueseko gunea prestatuko dute. Arratsaldeko kontzertuetara ez ezik, egun osoko egitarauaz gozatzera deitu dituzte herritarrak. Ordu gutxi falta dira Sagueseko gunearen egitaraua abian jartzeko. Umeentzako oka jolas erraldoia egingo dute, Porrotx pailazoa ere etorriko da ondoren, mural bat margotuko dute, euskal dantza ikastaro bat egingo dute eta bertako produktuak dastatzeko luntx bat egingo dute.
Gainera, jai herrikoiei eskainitako erakusketa bat jarriko dute Saguesen. Donostiako jai batzordeei buruzko panelak jarriko dituzte, baita Donostiako Piratei buruzkoak ere. Haien inguruko historia eta irudiak errepasatzeko aukera izango dute herritarrek.
Eraso sexistak salatzeko telefonoa
Erasorik sufritu edo ikusiz gero, laguntza eskatzeko telefono bat jarri dute Piratek (674 56 28 64). “Piraten guneak gune askea izan behar du edonorentzat, eta horretarako gune segurua behar dugu. Ez dugu inongo eraso sexistarik onartuko. Eraso hitzarekin ez gara muturrekoez bakarrik ari. Eraso gisa ulertzen dugu pertsona bat beste baten espazioan sartzea honen baimenik gabe, eraso sexistak dira begirada zikinak, ipurdia ukitzea, txarrera ligatzea edo komentario nazkagarriak egitea, adibidez. Autodefentsa feministaren aldarria gure egiten dugu. Eta era berean, jai gunean lanean ariko garen bolondresen bati norbaitek laguntza eskatzen dion momentuan, erasotzaileak jai gunetik botako ditugu”, adierazi dute.
Garraioa
Dbuseko zerbitzu eta Euskotreneko zerbitzuak ere indartuko dituzte. Kontzertua amaitzen denetik, zehazki 01:30etik 03:00ak arte, trenen zerbitzu berezi bat izango da Donostiatik Zumaiara eta Hendaiara. Renfek, berriz, tren bereziak jarriko ditu kontzertuaren ondoren, bi Irunera, bat Tolosara eta beste bat Brinkolara. Ohiko ordutegiko lehendabizikoa ere indartuko du (05:38).
Udalak aparkaleku-erreserba bat ezarri du Illunben, kontzertura doazen autobusentzat zein autoentzat, hiria ez dadin gainezka egon eta disuasio-aparkaleku gisa erabil dezaten.
[box]
EDOZER DUGU POSIBLE
Uztailak 9, asteazkena
- Gaztelumendi anaiak. (Argazkia: Donostiako Piratak)
- Realeko jokalariak. (Argazkia: Donostiako Piratak)
- Donostiarrako arraunlariak. (Argazkia: Donostiako Piratak)
- Egun osoan zehar Jai herrikoien inguruko erakusketa, Saguesen.
- 10:30 Haurrentzat oka jolas erraldoia, Saguesen.
- 11:00 Mural margoketa gazteentzat eta bertso hop, Saguesen.
- 11:00 Mintzalagun pirata, Saguesen.
- 12:00 Euskal dantza ikastaroa, Saguesen.
- 12:30 Porrotx, Saguesen.
- 13:00 Mokadu eta edari bixigarriak, Saguesen.
- 19:30 Kontzertuak, Zurriola hondartzan: Manu Chao-La Ventura, Tania de Sousa, Skaiketan eta Selektah Stepi.