Sozialistek Etxegintzaren kontrol neurriak gaitzetsi izana kritikatu du PPk
Popularrak alokairuzko babes ofizialeko etxeen aldekoak dira, eta babesturiko etxebizitza berri guztiak alokairuzkoak izan behar luketela uste dute gainera. Izan ere, Ramon Gomez PPko bozeramaileak adierazi duenez, “alokairuzko kasuetan maizterren beharrak edo egoera ekonomikoa aldatzen badira, neurriak hartu daitezke, jabetza kasuetan aldiz, ez”.
Horregatik, guztiz ados daude Etxegintza egiten ari den ikuskatze lanekin. Duela 20 urte eskaini zituzten alokairuzko lehen etxebizitza publikoak Errotaburun, eta handik hiru urtetara kontratuak amaitu arren, gaur egun arte ez direla berrikusi salatu du PPk. Ondorioz, hainbat bidegabekeria gertatu direla adierazi du Gomezek, eta sozialisten jarrera kritikatu dute. “PSE-EE zegoen gobernuan, eta berak onartu ditu kontrol eza, eta ondoriozko bidegabekeriak. Herritarrak euren etxeetatik botatzea salatu dute sozialistek, baina urte luzez eurek onartutako egoera da bidegabeena”, esan du Gomezek.
Etxegintzak ez duela etxe kaleratzerik egin esan du Gomezek, eta ikuskatze lanak defendatu ditu. “Nola ez diegu etxea kenduko 10 urtean euro bakar bat ordaindu ez dutenei. Edo Nafarroan bizi eta babes ofizialeko etxea uda pasatzeko erabiltzen duenari; edo Donostian bertan beste etxe batean bizi eta alokairuzkoa beste familia bati alokatzen zion lotsagabeari; edo etxebizitza sozial batean egon, hau da, 25.000 euroko errenta baino baxuagokoentzako etxe batean egon, eta urtean 90.000 eurotik gora irabazten dituenari”, salatu du haserre Ramon Gomezek.
Donostiak arazo “larri” bat duela etxebizitzekin onartu du Gomezek, horregatik Etxegintzaren lana balioan jarri du; “Etxegintzak etxebizitzak eskuratzeko baliabideak jarri behar ditu, baina ez da gobernuz kanpoko erakunde bat. Benetan, ordaintzeko arazoak dituenak jo dezala udalera, edo gizarte zerbitzuetara, eta han emango diote behar duen laguntza. Eta diru sarrera handiagoak dituztenek, merkatu librera jo beharko dute”, esan du Gomezek. Egoera erregulatu eta benetan behar gehien duten herritarrei etxebitza duinak eskaintzea da PPrentzako bide zuzena.