Bisitari bat, erakusketako argazki bat ikusten. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
San Telmo Museoak Axel Hutte argazkilari alemaniarrari eskainitako erakusketa zabalduko du bihar.
Munduko hainbat herrialdetako paisaiak irudikatu ditu Huttek, Irati basoa tartean.
Batzuetan Monet edo Caspar David Friedrich-en margolan baten aurrean dagoela pentsatuko du bisitariak, baina Axel Hutte (Essen, Alemania, 1951) argazkilaria da. Munduan zehar egindako bidaietan irudikatutako paisaiak dira. Paisaia misteriotsuak, lanbro artean ezkutatzen direnak, edo ibaien uraren islarekin nahasten direnak.Hain zuzen, paisaian ezkutatzen denak pizten du ikuslearen irudimena. Hutteren argazkietan ikusten ez den hori ikusten dena bezain garrantzitsua da. Horregatik hartzen du berebiziko protagonismoa ikuslearen begiradak.
Suitza, Alemania, Kanariar irlak, Belize, Ekuador, Norvegia eta Euskal Herriko zenbait irudi ikus daitezke Donostian, San Telmo Museoan, aurkeztu berri duen ‘Paisaia erdibitua’ erakusketan. Galizian aurkeztu zuen egitasmo hau iaz, eta orain San Telmo Museoko aretoetara egokitu du. Bada inoiz erakutsi ez duen argazki bat, Irati basoan egindakoa. Lehen aldiz ikusi ahal izango da Donostian.
Lan zehatz baten ondorioa dira Hutteren paisaiak. Irudikatu nahi duen espazioa aukeratzen duenetik argazkia egin arte egunak eman ditzake zain. Argi perfektuaren zain, ibaiari mugimendua emango dion haize boladaren zain, lanbroaren zain… Esfortzu handi bat dago bere argazkien atzean. Irati ibaiko ur hotzetan murgildu zen Hutte San telmo Museoan erakutsi duen irudia lortzeko. Basoan sentitu zuen “argitasun berdea” islatu nahi izan zuen argazkian.
Paisaia harritsuak, zuhaitz berdez betetako basoak, elur ekaitza batek ezkutatutako paisaia zuriak, lanbroak estaltzen dituen mendiak, ibai distiratsuen isla ederrak… Argazkiaz haratago begiratzeko aukera ematen diote bisitariari. Postal turistikoetatik eta irudi exotikoetatik ihes egiten du Huttek. Ez du irudi berri bat asmatzen, baina dagoena berrasmatzen du. Formatu handiko argazkiak dira, eta erabat piktorikoak eta zinematografikoak dira. Oso giro berezia lortzen du bere argazkietan, ikusleari errealitate bitxi bat iradokitzen dio.
Irailaren 28a arte izango da zabalik Axel Hutteren erakusketa, asteartetik igandera 10:00etatik 20:00etara. Bisita gidatuak izango dira larunbatero (12:30ean euskaraz eta 17:30ean gaztelaniaz). Erakusketa ikusteko 6 euroko sarrera orokorra ordaindu behar da. Astearteetan sarrera doakoa da, ohi bezala.
[Gallery=173]