Batzorde tekniko bat sortu dute udal kontratazioetan gizarte klausulen jarraipena egiteko
Udal Gobernuak duela urtebete onartu zuen kontratazio publiko arduratsua bultzatzea, hau da, ondasunak eta zerbitzuak erostean eta kontratatzean ingurumen, gizarte, etika, lan eta berdintasun irizpideak aintzat hartzea.
Tokiko Gobernu Batzordeak onartu zituen irizpide horien jarraibideak, eta baita gauzatzea errazteko gida ere. Orain, batzorde tekniko bat osatu dute, baldintzak are zorrotzago ezartzen direla ikuskatzeko eta ebaluatzeko. Batzorde teknikoa zinegotzi batek, kontratazio arduradunak, eta kalitate saileko teknikari batek osatzen dute.
Jon Albizu, Gizarte Ongizateko zinegotzia izango da udal ordezkaria batzorde horretan. Bere esanetan, “hemendik aurrera tresna bat gehiago izango dugu klausula hauek ezartzeko, alor honetan emandako aurrera pauso politikoan beste urrats bat eginez. Zentzu horretan, klausulak aintzat hartu direla berrikusteko mekanismoak ezarriko ditugu, baldintza horiek ezartzeko bideak bilatuko ditugu, eta hobekuntzarako proposamenak egingo ditugu, eta aldian behin jarraibide hauen ezarpenari buruzko informazioa helaraziko dugu”.