Donostiarrek lokal komertzialak irekitzeagatik dagozkien tasak ez ordaintzea proposatu du PPk
Neurri honekin, saltoki txiki, autonomo eta ekintzaileei bultzada eman eta hiriko “ekonomia jarduera txikiak” sustatuko direla uste du PPk.
Lokal komertzialen irekiera baimenengatik ordaintzen diren tasek ezinegona sortu dute popularrengan. Orain arte, saltoki bat ireki edo bestelako jarduera ekonomiko bat abian jarri nahi zuenak baimena eskatzen zuen udaletxean, eta udal teknikariek jarduera nahiz lekua ikuskatu ondoren, baimena ematen zuten. Zerbitzu horrek bazuen kostu bat, irekiera tasa, alegia.
Orain, ordea, Europako araudia aldatu ondoren, jarduera bat abian jarri nahi duenak nahikoa du arkitektu batek sinatutako jakinarazpen edo aurre proiektu bat aurkeztea udaletxean, baimena lortzeko. Ramon Gomez, PPko bozeramailearen esanetan, “irekiera lizentzia bat eta jakinarazpen bat ezin dira konparatu, azken honetan udalak ez baitio inolako zerbitzurik eskaintzen interesatuari, beraz kobratzea ez da bidezkoa”.
Ondorioz, tasak kobratzea ez dela bidezkoa uste dute popularrek. Areago, hiriko ekonomiari bultzada emateko, irekiera tasak kentzea proposatu dute. “Negozio bat abian jarri nahi duten donostiarrek ez lukete ezer ordaindu behar”, esan du Gomezek. Proposamena, hurrengo zerga erreforma eztabaidatzen dutenean aurkeztuko dutela aurreratu du.