Euskal Herriko Herriarteko Txapelketaren finala jokatuko du Donostiak, larunbatean
Bera izango da Jose Mari Kalonjek zuzentzen duen taldearen aurkaria, eskuzko lehian, Atano III.ean.
Era berezian, eta polemikaren bat tarteko, baina Euskal Herriko Herriarteko Eskuzko Txapelketaren finalera iritsi da Donostia. Hala, Beraren aurka jokatuko du hiriko taldeak final handia, larunbatean, 16:30ean, Atano III pilotalekuan.
Zehazki, uztailaren 6an Gipuzkoako txapelketa irabazi ostean, Euskal Herriko lehia jokatzeko txartela lortu zuen Jose Mari Kalonjek zuzentzen duen taldeak. Hortaz, Bizkaino txapeldun Gernikaren aurka finalerdietako partidak jokatu behar zituen Donostiak. Joaneko lehiak Gernikan jokatu zituzten, eta etxeko taldea bera izan zen garailea, hiru partidetatik bi irabazita. Itzulerako partidak, ordea, joan den asteburuan jokatzekoak ziren, eta Gernikak jokatzeari uko egin zion. Izan ere, Donostiako bikote jubenileko Mikel Aranguren lesionatu egin zen, eta bere hutsunea betetzeko, Itziarko pilotari Erauskin sartu zuten taldean donostiarrek. Dirudienez, ordea, txapelketaren araudiak halako aldaketa bat egitea onartzen du, pilotaria Donostiakoa izan ez arren. Edonola, Gernikak jokatzeri uko egin zioenez, Donostia zuzenean sailkatu da finalerako.
Beste finalerdia Nafarroako txapeldun Bera eta Arabako txapeldun Amurrioren artean jokatu dute, eta Bera izan da garailea, esan bezala.
Palako finala, ostiralean
Palari dagokionean, Donostiak ere Euskal Herriko finalera iristea lortu du. Ostiralean jokatuko du finala, Sestaoren aurka, 11:00etan, leku berean, Atano III.ean.