Lankidetza sailak 146.000 euro bideratuko ditu Euskal Fondoara
Tokiko Gobernu Batzordeak Euskal Fondoaren urteko plan operatiboa onartu zuen ostiralean. Hala, Lankidetza sailak 146.739 euro bideratuko ditu erakunde horretara. Hortaz gain, udalak beste lankidetza proiektu batzuk ere babestuko ditu: garapen lankidetzara 525.000 euro bideratuko dituzte, eta sentsibilizazio eta garapen hezkuntzara 225.000 euro.
Donostiako Udalak 2005ean sinatu zuen lehen hitzarmena Euskal Fondoarekin, eta 1996az geroztik erakundeko kide da; azken urteetan zuzendaritzan ere badago. Adostu berri duten konpromisoaren garrantzia azpimarratu du Jon Albizu, Lankidetza zinegotziak: “Euskal Fondoarekin dugun konpromiso politikoa berretsi nahi izan dugu hitzarmen honen bidez, izan ere, erakunde honen filosofiarekin bat gatoz, mundu justuago baten aldarrikapenarekin bat egiten dugu, pertsona oinarri izango duen mundu batekin, eta horretarako gizakion eskubideak errespetatzea ezinbestekoa da. Orain eta beti elkartasuna behar-beharrezkoa da, besteekiko begirunea, eta hori ekintzen bidez gauzatu behar da”.
Aurten garatuko diren proiektuak
Aurtengo proiektuek elikadura burujabetza, genero parekidetasuna eta giza eskubideak dituzte ardatz.
-Nikaraguako El Raman elikadura segurtasuna lortzeko proiektuari 47.230 euroko laguntza emango diote. Nekazal eremuetarako diru laguntza txikiak dira: 44 abere buru erosteko 22 familiarentzako kreditua; 200 etxadi frijol edo babarrunak landatzeko 150 familiarentzako kreditua; 67 etxadi arto landatzeko 50 familiarentzako kreditua; 12 ekoizpen azpiegitura hobetzeko 12 familiarentzako azpiegitura laguntza…
-Guatemalako Alta de Verapaz herrian genero politikak indartzeko egiten ari diren proiektua garatzen jarraitzeko 38.230 euroko diru laguntza emango dute. Raxruha, Fray Bartolome de Las Casas eta Chahal udalerrietan genero indarkeriaren aurkako lau lan ardatz garatuko dituzte.
-El Salvadorreko Cuscatlan eskualdean udalerri bidezkoagoak eta demokratikoagoak lortzeko egiten ari diren egitasmoaren 8. fasea garatzeko 38.230 euroko laguntza bideratuko dute. Emakumeen bizi baldintzen hobekuntzan iraunkortasuna eta eragina hedatzea xede duten prozesuak sustatuko dituzte.
Bestalde, Mendebaldeko Saharan historikoki izandako jazarpenak ikertzen jarraitzeko, beste 18.000 euro emango ditu udalak. ‘Memoriaren Oasia: oroimen historikoa eta giza eskubideen urraketak Mendebaldeko Saharan’, Paco Etxeberria, Carlos Beristain eta Eloisa Gonzalezek zuzendutako ikerketaren bigarren fasea egitea ahalbidetuko du babes ekonomiko honek. Marokok ia lau hamarkadetan sahararrengan eragindako indarkeria sistematikoari buruz lekukotasun eta datu ugari biltzen dituen ikerketa da, eta nazioarteko zabalkundea eta sentsibilizazioa lortzea du helburu bigarren faseak.
Azkenik, Euskal Fondoak Euskal Herriko Unibertsitateak ematen dituen beketan ere hartzen du parte, eta horretara 5.000 euro bideratu ditu Donostiako Udalak. Beka hauen bidez, garapen prozesuan dauden herrialdeetako proiektuetan praktikak egiteko aukera ematen zaie 70 bat ikasleri.