Urumearen maila mugikorrean ikusteko aplikazio bat prestatu du udalak
Momentuz Android motako telefonoetarako da aplikazioa, eta Google Play-ren bidez edo Donostiako Udalaren webgunearen bitartez ere deskarga daiteke.
Donostiako Udalak aplikazio berri bat jarri du abian Urumea ibaiaren egoera ezagutzeko. Sistema informatiboa da, hau da, ez du Babes Zibilak bidaltzen dituen alerta mezuekin zerikusirik.
Zerbitzu hau lehen ere ematen zuten Uholde Larrialdi Planaren webgunean, baina orain mugikorretara zabaltzea erabaki dute, “herritarrek edozein momentutan eta tokitan izan dezaten egoeraren berri”. Txetxu Mendizabal, Babes Zibileko arduradunaren esanetan, “alertak bidaltzen ditugunean, webgunearen bisita kopuruak nabarmen egiten du gora, beraz, informazio hori herritarren mugikorretan izatea oso interesgarria iruditu zitzaigun”.
Txomin Enea eta Martutenerako prestatu dute aplikazioa. Uraren mailaren arabera, hiru marra ikus daitezke: horia, laranja edo gorria. Aplikazioak abisu bat ematen du maila horietakoren bat gainditzen duenean urak. Abisu horren gainean sakatuta, Urumeako Uholde Larrialdi Planaren webgunera bideratzen du erabiltzailea, zer egin edo zein neurri hartu adieraziz.
Aplikazio berri hau, Udal Informatika Zentroak (UIZ) egin du, Babes Zibileko Zerbitzuekin adostutako parametroen arabera. Babes Zibileko zinegotzi Nekane Burutaranek baieztatu du herritarrei informazioa helarazteko beste pauso bat dela honako hau; “Ezinbestekoa da informazio hori eskuratzea uraldi handietan erabakiak hartzea ahalbidetzen duelako”.
Beste informazio sistema batzuk
Mugikorrerako aplikazio berriaz gain, udalak beste informazio sistema batzuk ere baditu Urumea ibaiaren alertetarako.
Okendotegiko abisu emaileak, esaterako, sirena jotzeaz gain, abisua ematen die zuzenean Okendotegiko bizilagunei SMS bidez.
Martuteneko webcam-ak, berriz, ibaia etengabe ikustea ahalbidetzen du, instalatutako Wimax sareari esker. UIZ lanean ari da, irudia Urumeako Uholdeen Planaren webgunean ikus dadin.