Auzo garaietan ere bizikleta publikoak nahi ditu EAJk
Osteguneko udalbatzarrean mozio bat aurkeztuko dute jeltzaleek, bizikleta publikoak kudeatzen dituen enpresari baldintzak betearazteko eskatuz udal gobernuari. Bide batez, Bilduk urte amaierarako jarriko zituztela iragarritako 25 geltokiak jartzeko ere eskatuko dute.
Udal gobernuaren kudeaketa faltagatik, berriro ere bizikleta publikoen gaia udalbatzarrera eraman behar izan dutela salatu du Martin Ibabe, EAJko zinegotziak. Denbora aurrera joan arren, bizikleta pubikoen kudeaketaz arduratzen den enpresak ez dituela kontratua sinatutakoan onartutako baldintzak betetzen nabarmendu du Ibabek, eta egoera horren aurrean neurririk ez hartzea leporatu dio udal gobernuari.
Donostiako bizikleta publikoak elektrikoak izatearen arrazoia, zerbitzua hiriko auzo guztietara zabaltzea zela esan du Ibabek. Jeltzaleak bat datoz asmo horrekin, baina, auzorik garaienetan oraindik ez dagoela bizikleta publiko bakar bat ere salatu du zinegotziak. Gainera, hainbat kasutan azpiegiturak bai, baina bizikletak falta direla adierazi du Ibabek; “Ospitaleetako eremuan, Intxaurrondon edo Aieten esaterako, bidegorri sarea oso hedatua dagoen arren, bizikleta publikoak ez dira heldu, eta aukera bat galtzen ari gara. Erabiltzaile gehiago izateko aukera galtzen ari gara, Aiete, Bidebieta, Miramon edo Altza oso egokiak direlako bizikleta publiko hauek erabiltzeko”.
Jeltzaleen arabera, ez dute zerbitzu gehiago nahi, “hitzarmenean adostutakoa baizik”. Baina horretarako oraindik asko falta dela salatu du Ibabek. Zentzu horretan udal gobernuak urte amaiera baino lehen jarriko zituela hitzemandako 25 geltokiak ere oraindik ez dituztela jarri nabarmendu du zinegotziak.
Osteguneko mozioa udal gobernua “estutzeko” dela adierazi du Ibabek; “dagozkion ardurak hartu eta baldintzak betearazteko”.