Tabakalerako plaza berria zalantzan dagoela ohartarazi du PSE-EEk
Norteko geltokiak ika-mika sortu du berriro sozialisten artean. Ez da lehen aldia abiadura handiko trenarentzako trenbidea eta geltokia bera egokitzearen garrantzia azpimarratzen dutena. Ernesto Gasco, PSE-EEko bozeramaileak berak, gogoratu du, duela urtebete udalbatzak Madrilgo Gobernuari lanak lehenbailehen egiteko eskatzea onartu zuela. Urtarrilean bilera izan zuten, Donostiako Udaleko, Eusko Jaurlaritzako eta Sustapen Ministerioko ordezkariek, eta hasiera batean, egitasmoa bide onetik zihoan. Urtebete beranduago, ordea, “Rajoy-ren gobernuak Donostia albo batera utzita” daukala salatu du PSE-EEk.
Izan ere, atzo egin zuten Bozeramaileen batzordean Madrilgo Gobernuak ez zuela Norteko geltokia egokitzea aurreikusten jakinarazi zuen Juan Karlos Izagirre alkateak. Hala esan du Gascok, eta bere ezinegona adierazi du, “berriro ere Tabakalerarekin lotura izango zuen plaza berria zalantzan dagoelako”.
Trenbidearen zati batean estalki bat jartzea aurreikusten du Norteko geltokia egokitzeko proiektuak. Estalki horren goialdea plaza ireki bat izango litzateke, era berean Tabakalerako gunearekin bat egingo lukeena.
Proiektu hau Donostiaren hiri garapenerako “ezinbestekoa” dela uste dute sozialistek, eta iraileko udalbatzarrera iniziatiba berri bat eramango dutela aurreratu du Gascok, Madrilgo Gobernuari “hartutako konpromisoak betetzeko” eskatuz.
Nestor Basterretxea
Atzoko Bozeramaileen Batzordean Nestor Basterretxeari hiriko gune bat eskaintzea aztertu zutela jakinarazi du Gascok. Oraindik, zehazteke badago ere, badirudi Tabakalera inguruko plaza edo gune berriren batek beteko duela funtzio hori.
Sozialisten arabera, trenbidearen estalkiak sortuko lukeen plaza berria litzateke eskultoreari eskaintzeko lekurik egokiena, baina lanen garapenaren zain geratu beharko dutela adierazi dute.