Udalekuei amaiera emateko flashmob bat egin dute
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatzen dituen Oporretan euskaraz udalekuetako 150 haur inguru elkartu dira gaur, Egiako parkean.
Eguraldi ona lagun, Egiako parkea haurrez bete da gaur goizean. Goikaldean dagoen parke biribilean Oporretan euskaraz udalekuetako 150 haur elkartu dira, azken asteotan prestatzen ibili diren flashmob bat egiteko. Ilaratan jarrita, musika piztu eta dantzatzen hasi dira. Inguruan zebilen jendea ikuskizunaz gozatu, eta gaztetxoek nola dantzaten duten ikusteko aukera izan du.
Nerea Txapartegi Euskara arduraduna ere bertan izan da, eta udaleku hauen balioa nabarmendu du. “Euskara udalekuen oinarria eta ardatza da, eta uztailean zehar jarduera desberdinen bidez hizkuntza erabiltzen aritu dira. Beraien egunerokoan euskara erabiltzen dute, ohitura bihurtzeko, beraien hiztegia aberasten joateko, eta behar dituzten hizkuntza tresnak eskuratzeko”. Bestalde, udako etena “etena izan ez dadin” euskara modu natural batean erabiltzeko aukera eman nahi dutela adierazi du: “Hizkuntza barneratu egiten dute, komunikatzeko hizkuntza gisa eta gertukoekin erabiltzeko”.
Flashmob nagusia Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsen Txis pun korrika abestiarekin egin dute. Ondoren, Lehen Hezkuntzako zazpi eta hamaika urte bitarteko haurrek beste abesti batzuk dantzatu dituzte. Amarako guneko Animaliak izeneko haur taldearekin izan da IRUTXULOKO HITZA eta egin duten flashmob jarduera oso gustukoa izan dutela esan dute. Taldean ez ezik, batzuk etxean gurasoekin ere dantzan ibili dira, eta dantza ongi prestatu dutela adierazi dute: “Nik berez entsegu pila egin behar nituen, baina hirurekin nahiko izan dut”, aitortu du Loiolako Erriberako Unax Garciak.
Iaz antzeko zerbait egin zutela azaldu du Amara guneko koordinatzaile Jon Ander Blancok, eta euren taldea handia denez, aurten Egiako parkean egitea erabaki zuten. Haurrei prestatu behar zuten dantza azaldu zietenean, lotsatu zirela esan du, baina “behin dinamikan sartuta, oso ondo ibili dira”.
Nahiz eta udalekuetan parte hartzen duten haurrak 900 inguru izan, gaurkoan Amara gunekoak izan dira ikuskizuna eskaini dutenak. Gainerako auzotako taldeek datozen egunotan egingo dituzte euren flashmobak.
Euskara aldetik, hobekuntza
Oporretan Euskaraz udalekuetan parte hartzen duten haurrek euskaraz eskolatik kanpo hitz egiteko ohiturarik ez dute, eta hori egunerokoan nabaritzen dela onartu du Blancok: “Hizkuntzaren aldetik lan egin behar dugu, ohitura handia dute beraien artean gazteleraz egiteko, baina aurten umeen artean hobekuntza nabaritu dugu”.
Haurrei euskaraz hitz egiten duten galdetzerakoan, “batzuetan” egiten dutela erantzun dute, baina saiatzen direla nabarmendu ere. “Lagun eta begiraleekin euskaraz hitz egiten saiatzen naiz”, esan du Noa Maneiro amaratarrak.