Udal ordezkariak, hiriko mapa elektromagnetikoa aurkeztu zutenean. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Antenarik Ez taldea kezkatuta dago Donostian dagoen kutsadura elektromagnetikoarekin, are eta gehiago argi indarra kudeatzen duten konpainiak kontagailuetan aldaketak egiten ari diren honetan. Antenarik Ez taldeak azaldutakoaren arabera, kontagailu adimendunak ari dira ezartzen, wifi bitartez funtzionatzen dutenak. 24 orduz egongo dira indarrean, horrek dakarren “arriskuarekin” osasunarentzat. Hori dela eta, eta hirian dauden beste baliabideen ugaltzeari buruz hitz egiteko, udal gobernuarekin biltzeko asmoa erakutsi du taldeak. Izan ere, eurekin biltzeko eskatu dio. “Beharrezkoa da antenak eta wifia arautzea, tabakoarekin Donostian egin zuten bezala. Horretarako, ezinbestekoa da udal ordenantza bat osatzea kutsadura elektromagnetikoaren gaiarekin, dituen mugak jasotzeko”, azaldu dute Antenarik Ez taldeko kideek.
Era berean, argi indarraren kontagailuen aldaketa dela eta, udal alderdiei, konpainiei eurei eta Eusko Jaurlaritzako Industria sailari gutunak bidaliko dizkietela iragarri dute, euren iritzia jakin dezaten.