Europako lehen autobus elektrikoa aurkeztu dute Donostian. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Irizarrek egin du, eta bihartik aurrera kalean ibiliko da, 17, 21 eta 26 lineatan.
“Bertan eta bertakoentzat” eginiko lehen autobus elektriko gisa aurkeztu dute gaur Alderdi Ederren, Irizar Taldeak egindako ibilgailua. %100ean elektrikoa da eta zero igorpen ditu, horixe da autobusaren bereizgarri nagusia, eta Europan martxan jarriko duten lehena izango da. Juan Karlos Izagirre alkateak adierazi duenez, “Dbus berriro ere aitzindaria da garraio pubikoan, eta ibilgailu berri honekin Donostia eredu izango da Europako gainerako herrientzako. Harro gaude Donostia aitzindaria izango delako, eta baita bertan ekoiztutako ibilgailu bat delako ere”.
Lehen autobus elektrikoa Irizar eta Dbusen arteko bi urteko elkarlanaren emaitza dela adierazi dute. Egitasmo pilotu bat da, eta Ormaiztegiko enpresak Dbusi utzi dio ibilgailua, froga dezan eta emaitzak azter ditzaten. Izan ere, autobus elektriko hau Dbusen beharretara egokitu dute. Gorka Herranz, Irizarko presidentearen esanetan, “gaurko aurkezpena mugarri bat da. Lehen pauso bat eman dugu mugikortasun estrategian, eta aurrerantzean ere bide beretik jarraituko dugu”.
Hortaz, Donostiak izango du Europako lehen autobus elektrikoa, eta ondoren etorriko dira beste herrialde batzuk. Bartzelonan, esaterako, abuztuan aurkeztuko du Irizarrek lehen ibilgailu elektrikoa eta urrian bigarrena.
Udal ordezkariak, Dbuseko kideak eta Irizar taldeko kideak, autobus elektrikoaren barnealdean. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Iraunkortasuna
Garraio publiko iraunkor baten aldeko apustua berretsi dute autobus elektrikoaren aurkezpenarekin. Jon Albizu, Mugikortasun zinegotziaren esanetan, “donostiar guztiak zoriontzeko moduko pausoa da”. Autobus hibridoen garrantzia ere azpimarratu du, eta dagoeneko beste zortzi eskatu dituztela adierazi du Albizuk.
Autobus elektrikoari dagokionez, 250 bat kilometro egiteko autonomia izango du, hau da, 16 bat ordu. Ondoren, bost ordu beharko ditu guztiz kargatzeko. Gainera, ibilgailuak frenatzean sortzen den energia berreskuratu eta energia elektriko bihurtzen du, baterien autonomia handituz.
Dbuseko beste autobusek dituzten erosotasun eta segurtasuneko elementu guztiak ditu elektrikoak ere: gurpildun aulkiak sartzeko erdiko ateko arrapala, ate lerragarri azkarrak, Irizar-Hispacold klimatizazio sistema, audio sistema eta LED argiak barruan eta kanpoan. Halaber, barruko antolaketan baditu berritasun batzuk: erreserbatutako lau eserleku eta gurpildun aulkietarako edo haurren kotxeetarako bi leku, erdiko atetik leku horietara azkar heltzeko moduan diseinatuak.