Jaume Ponsarnau: "Ziur nago selekzioarekin oso esperientzia polita biziko nuela, baina ez litzateke gauza bera izango"
Gipuzkoa Basketeko entrenatzaile berria da jada kataluniarra; gaur egin dute bere aurkezpen ofiziala.
Irribarrea ahoan zuela eta ideia garbiekin iritsi da Jaume Ponsarnau Illunbera. Gipuzkoa Basketeko entrenatzailea izango 43 urteko kataluniarra, datozen bi denboraldietan, eta gaur egin dute bere aurkezpen ofiziala, hainbat komunikabideren aurrean. Jose Antonio Orengaren ondoan, Espainiako selekzioaren laguntzaile izateko eskaintza jaso duen arren, Donostiara etortzea erabaki du Ponsarnauk, eta hartutako erabakia ona izan dela uste du. “Urtebetez langabezian egon naiz, eta ikasitako guztia praktikan jartzeko gogoa nuen. Ziur nago selekzioarekin oso esperientzia polita biziko nuela, baina ez litzateke gauza bera izango”, azaldu du Ponsarnauk.
Bere kirol ibilbide guztian Manresa taldeari lotuta egon da; eta jaioterri duen Tarregatik Manresara iritsi zeneko sentipen berdina duela aitortu du. “Manresara iritsi nintzenean, nire buruari galdetzen nion, ‘hontaz bizitzeko gai izango naiz?’; orain badakit hontaz bizi nahi dudala, baina ‘hobeto egiteko gai naiz?’ dut buruan”, gehitu du entrenatzaileak. Gainera, Manresarekin Donostiara aurkari moduan etorri izan denetan, noizbait Gipuzkoa Basket entrenatzea amets moduan zuela onartu du. “Klub gazte bat ikusten nuen, baina ongi eraikia; bere testuinguruarekin, hiriarekin, lurraldearekin, ongi lotua dago, eta hori oso garrantzitsua da”, gehitu du Ponsarnauk.
Oraindik fitxaketez hitz egiteko goiz den arren, dagoeneko lanean jartzeko gogoz dago entrenatzailea; “Lanean hasteak ez du esan nahi erabakiak momentu honetan hartu behar direnik, baina bideoak ikusten hasteko gogotsu nago”. Azken batean, jokalarien merkatuari begira, oso zuhurrak izan beharko dutela dio Ponsarnauk, eta itxaron egin beharko dutela. “Taldea aztertu beharra dago, oreka lortu ahal izateko”. Hala, David Doblas eta Javi Salgado taldean mantentzea gustatuko litzaiokeela onartu du.
Kontuak kontu, Sito Alonsok utzitako hutsunea ahalik eta hobekien betetzen saiatuko da Ponsarnau, eta Alvaro Bilbao klubeko presidenteak denboraldi luze baterako entrenatzailea izatea espero du.